Almitza Sega Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Ligari amaiera emango diote igande honetan. Leaburun jokatuko da saioa, 12:00etan hasita, Benta ondoko lursailean, eta aurtengo ligaren hirugarrena eta azkena izango da. San Pedro jaien egitarauaren barruan sartu dute sega ekitaldia.
Igandean erabakiko da, beraz, zein izango den ligako irabazlea maila bakoitzean. Emakumezkoetan lehen hiru postuetan daude Alaitz Imaz hernialdetarra (120 puntu), Luixa Uzkudun leaburuarra (118 puntu) eta Ainara Otamendi ibartarra (116 puntu); beraz, txapela eskualdean geratuko dela aurreikusi daiteke. Gizonezkoetan Miel Mari Jauregi eta Mikel Lizartza tolosarra berdinduta daude lehen postuan 118 punturekin, eta Oier Urkola anoetarra dago hirugarren postuan (117 puntu).
Beteranoetan bi segalari ari dira parte hartzen. Pabi Astondoa doa aurretik, orain arte jokatutako bi saioak irabazita, eta, beraz, 120 punturekin. Joakin Garmendia anoetarra bigarrena da, 118 punturekin.
Gaztetxo helduen artean, Harri Mitxelena doa lehen postuan (120 puntu), bigarren dago Inge Goikoetxea gazteluarra (117 puntu) eta hirugarrena da Iune Mikeo (116 puntu). Gaztetxo txikien artean, berriz, Haizea Larrañaga eta Mari Olazar gazteluarrak berdinduta doaz lehen postuan (117 puntu) eta hirugarren postuan ere berdinduta daude Izar Mendizabal eta Irati Tome gazteluarra (116 puntu). Txikienen maila horretan litekeena da txapela Gaztelura joatea.