«Txaramarrak gara eta harro gaude». Horrela oihukatu dute Leandro Ormazabalek, Fortu Ruiz de Eguilazek, Mertxe Adurriagak eta Aritz Caminosek ekainaren 1eko jai egitaraua aurkezteko orduan, alkandora moreak soinean zituztela.
Txaramako elkartean egin dute deialdia eta txaramar ugari elkartu dira bertan euren «harrotasuna» erakutsiz. Mertxe Adurriagak zehaztu ditu egitarauaren nondik-norakoak. Goiztiar hasiko dira, 08:00etan, kalejira eta suziriak izango baitira orduan. Ondoren, egitarau betea etorriko da: boluntario topaketa, hamaiketakoa, toka, argazkia, bertsolariak, bazkaria bera eta ondorengo dantzaldia.
Anaitasuna islaturik
Urteetan eta urteetan egin bezala festa kartelekin, oraingoan ere festa eguneko kartelak Fortu Ruiz de Egilazen sinadura darama. Bi pertsonen besarkadarekin txaramarren «anaitasuna» islatu nahi izan du artistak. Egindako lana eskertu diote Txaramako elkarteko ordezkariek. Irudi bera irudikatuz, egun horri begirako zapiak atera dituzte.
Festa giroa zipriztintzeko taberna egongo da. «Seguruenik» Leaburuko gazteen ardura izango da, eta horrenbestez taberna zerbitzua bermaturik egongo da ekainaren 1ekoan.
500eko langara iritsiko ote?
Dagoeneko 250 bat pertsonek izena eman dute ekainaren 1eko bazkarirako. Baina txaramarrak zenbaki horrekin oraindik ez daude konforme; porra ere egin omen dute auzoan pertsona kopurua asmatu asmoz. 500eko apustua bota duenik ere ba omen da. Gauzak honela, ahalik eta lasterren jakin nahi dute zenbaki zehatza, eta hori dela eta, maiatzaren 10a epemuga bezala jarri dute izena emateko.
Garraioa
Egunean bertan garraioarekin izan daitezkeen arazoak ekidin asmoz bi aparkaleku egokituko dituzte; bata, Cuatro Vientos-en eta, bestea, Baratzondo-n. Edonola ere, zerbitzu publikoa erabiltzeko gomendioa luzatu dute. Autobusak Tolosatik 10:30, 13:15 eta 14:00etan izango dira; eta bueltakoak Txaramatik 19:35, 20:50 eta 21:35ean izango dira.
Betiko oroigarri
Horrenbesteko ilusio eta lan jarri dute Txaramako elkarteko ordezkariek ekainaren 1eko eguna prestatzen, ez dutela nahi bere horretan pasatzen uzterik. Honela, Zap! bideogintza egun osoan bideo grabaketak egiten egongo da testigantza bezala gera daitezen.
EKAINAK 1. EGITARAUA
- 08:00. Kalejira auzoan zehar eta suziriak.
- 10:00. Boluntario topaketa Cuatro Vientos-en.
- 11:00. Hamaiketakoa plazan, elkartearen eskutik.
- 11:30. Toka Giroarte dultzaina taldearekin eta herriko musikariekin.
- 13:30. Kalejira Cuatro Vientos-era.
- 14:00. Auzotarren argazkia.
- 14:15. Peñagarikano bertsolariaren harrera.
- 14:30. Topa eta bazkaria.
- Bazkal ondoren. Musika DJ Iñigo Perurenaren eskutik... tutua jo arte.