Anaitasun festan murgildu dira Leaburun

Leyre Carrasco 2024ko apirilaren 7a

Leaburu-Txaramako eta Larresoroko herritarrek Senidetze Eguna ari dira ospatzen gaur. Ilusio handiarekin jaso dituzte herrian lapurtarrak eta «festa giroan» igaroko dute eguna.

Duela ia hogeita hamar urte hasi zen Leaburu-Txaramako eta Larresoroko (Lapurdi) Ote Lore elkarteko kideen arteko harremana; 1994az geroztik, hain zuzen. XIV orduko ibilaldian ezagutu zirela kontatu du Jose Luis Adurriaga Leaburu-Txarama herriko langileak: «Iparraldeko herritarrek herri txiki batekin harremana sortu nahi zutela proposatu eta gurekin jarri ziren harremanetan».

Geroztik, urtean bi aldiz elkartzeko ohitura izaten dute bi herrietako lagunek. Sagardotegi garaian izaten da lehen hitzordua, Leaburun. «Sagardotegi denboraldia aprobetxatuz, hasieran sagardotegira joaten hasi ginen, baina horrela herriko giroa mugitzen ez genuela konturatu ginen eta azken urteetan herrian bertan elkartzea erabaki genuen». Bigarren hitzordua, berriz, uztailean egiten dute eta bisita alderantzizkoa izaten da. Orduan, Leaburu-Txaramako herritarrak izaten dira Lapurdira joaten direnak.

Gaur berriro elkartu dira Leaburun, eta herriko dantzariek eman diete ongi etorria Larresorotik etorri diren 40 gonbidatuei herriko plazan. Guztira 70 lagun inguru elkartu dira. Ohiturak alde batera utzi gabe kubela ere jarri dute plazan, eta txotxean aritu dira. Ondoren, toka txapelketa egin dute eta hori amaituta, bertso bazkaria egingo dute herriko ostatuan, Oihana Iguaran eta Amets Arzallus bertsolariekin batera.

Herri txikien arteko harremanaren garrantzia azpimarratu du Adurriagak, «horrelako ekimenek bizia ematen diote herriari». «Hasiera batean herriko adineko jendeak urruti xamar ikusten zuen Iparraldea, baina horri buelta ematea lortu genuen eta egun, herritarrak ez ezik, inguruko herrietako jende asko ere animatzen da egun hau gurekin ospatzera», gehitu du.

Bi herrien arteko senidetzearen ofizialtasuna 2014ko abenduan onartu zuten, eta hori islatzeko ekitaldia ere izan zuten Leaburu-Txaraman. Ordutik, bi udaletan senidetzearen berri ematen duten plakak ere jarriak dituzte udaletxeetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!