«Gazte jendeari lehentasuna eman behar diogu herrian geratu daitezen»

Leyre Carrasco 2023ko aza. 22a, 07:57

Datozen lau urtetan etxebizitzen egitasmoari eutsiko diote Leaburun; eta Txaraman, berriz, auzoa birgaitzeko eta ehuntzeko proiektuak izango dituzte.

Leaburu-Txaramako udalean dagoen hirugarren aldia du EH Bilduk, eta alkate kargua hartzen duen bigarrena du Joxe Ramon Eizagirrek (Txarama, 1964). Hasiera zaila eta neketsua izan badu ere, pozik daudela esan du: «Urtetik urtera goraka egiten dugu eta horrek herritarren konfiantza dugula esan nahi du».

Bigarrengo aldiz heldu diozu alkatetzari, zer moduz hasi duzu?

Nahiko hilabete zailak izan dira, udaletxeko funtzionamenduan aldaketekin hasi baikara. Hamar urte inguru igaro ditugu arkitekto berdinarekin, baina oraingo agintaldia arkitektorik gabe hasi dugu eta lan karga handia izan dugu. Idazkariak dio kanpoko zerbitzua kontratatuta gure laneko modua aldatu egingo zela, izan ere, desberdina da Udaleko autoritatea izatea edo beste kanpo enpresa batekoa izatea. Aurreko astean hasi zen arkitekto berria jornada erdian, eta horrek lana aurrera ateratzen lagunduko digu behintzat.

Nola baloratuko zenuke udal hauteskundeetan jasotako emaitza?

Pozik gaude, EH Bildu udalean dagoen hirugarren agintaldia da. Urtetik urtera goraka egiten dugu eta horrek herritarren konfiantza dugula esan nahi du.

Leaburu-Txarama bakarra den arren, bi auzoen arteko distantzia handia da. Zaila da bi herri kudeatzea?

Gure herriaren arazo handiena hori da, oso banatuta dauden bi auzo dira eta ia ez dute komunikaziorik beraien artean. Txaramako herritarrek Leaburura etortzeko Tolosatik pasa behar dute, eta alderantziz. Bientzako proposamenak egin behar ditugu eta gastu aldetik hori bada arazoa.

Zein proiektu nagusi dituzue lau urte hauetarako?

Batetik, Txarama birgaitzeko proiektua dugu. Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat eman digu auzo bat birgaitzeko, baina auzo horrek gabezia egoeran egon behar du. Guztira 1.448.284,05 euro eman dizkigu Txaraman gastatzeko; diru kopuru horretako 1.123.409,05 euro eraikinen birgaitze sakonerako lanetarako bideratuko dira; 78.750 euro hurbiltasun-bulegoan; 155.125 euro berreurbanizazioan; 56.000 euro digitalizatzean; eta 35.000 euro paisaiako esku hartzean. Erronka handia da, Eusko Jaurlaritzak ez du hala edo hala ematen diru kopuru hau. Gainera, diru laguntza hau berez herri handi edo hiriei soilik dago bideratuta, baina aurten herri txiki batek hau aurrera ateratzeko gai den ikusi nahi zuten eta sorpresa handia izan da guretzat hamaika udalen artean Leaburu-Txaramakoa ere aukeratua izatea.

Horrez gain, Txarama ehuntzeko proiektua ere badugu. Proiektu honen helburua langabezia egoeran dauden hamar pertsonei formakuntza eta lana eskaintzea da, eta horretarako 347.000 euroko diru laguntza jaso genuen. Formakuntza hasia dute Peñaskalen eta bi hilabete iraungo du. Formakuntza horren helburua lan mundura ateratzeko esperientzia jasotzea da, izan ere, urtarriletik aurrera lanean hasiko dira Txaramako auzoan. Honek ere lan handia izango du.

Askotan saltsa handian sartu garela pentsatu dugu, baina beharrezkoa ikusten dugu. Erronka handia izango da, izan ere, Txarama birgaritzeko proiektua 2025ean bukatu beharko dugu eta Txarama ehuntzen, berriz, hiru urtetan.

Etxebizitzak egiteko egitasmorik duzue epe motzera?

Azken bi proiektu hauek denbora asko kendu digute, baina aurreko legealdian elizaren atzealdean etxe tasatuak egiteko proiektua abiatu genuen. Dena lotuta dugu, baina proiektuari hasiera pausoa ematea besterik ez zaigu falta. Asko atzeratu da baina egingo genuenaren hitza eman genuen eta egingo dugu. Herritar asko interesatuta daude, eta gazte jendeari lehentasuna eman behar diogu herrian geratu daitezen.

Proiektu batzuk aurrera ateratzeko beste erakundeen laguntzak beharrezkoa zaizkizue zuei bezalako udal txikiei. Nola ikusten duzu eskualde mailako kooperazioa?

Adibidez, Txarama ehuntzen proiektua Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin ari gara aurrera ematen. Hamar pertsona horien aukeraketa beraiek egin dute eta Eusko Jaurlaritzarekin ere beraiek egon dira harremanetan. Beste gauza askotan Tolomendiren laguntza ere izaten dugu, bertan proiektuetan nondik nora joateko aholkuak ematen dizkigute. Gainontzekoetan bakarrik gaude eta guk atera behar izaten ditugu proiektu guztiak aurrera.

Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen gairik?

Kezka ez nuke esango, baina ardura bai. Leaburuk herri txiki guztiek dituzten arazo berdinak edo antzekoak ditu, eta horietako bat mugikortasuna da. Bizitzeko herri oso polita da, baina edozertarako aldameneko herrira mugitu beharra dugu. Garraio publikoa badugu baina maiztasuna oso urria da nire ustez, eta gaiari heldu behar diogu.

Horri irtenbide bat emateko proposamenik?

Momentuz ez, baina Txaraman bai. Lizartzarekin batera bidegorri bat egiteko asmoa dugu. Foru Aldundiarekin bildu gara, eta ez dakigu erabateko soluzioa izango den, baina aldea nabarituko da Txaramatik Lizartzara joan behar duten herritarrentzako edo alderantziz.

Zein mezu zabalduko zenuke herritarren artean?

Udala beraien esku dagoela, baina guk ere beraien laguntza, parte hartzea eta iradokizunak behar ditugula.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!