ETAk 2001ean Leaburun hil zuen komisariordea omendu dute

Ataria 2023ko uztailaren 14a

Argazkia: Irekia

Ertzaintzak Mikel Uribe Aurkia, ETAk 2001ean Leaburun hil zuen komisariordea, omendu du.

ETAk Mikel Uribe Aurkia ertzaina hil zuen duela 22 urte Leaburu-Txaraman, eta hori dela eta ekitaldia egin dute Beasaingo ertzain etxean. Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Mikel Treku Gipuzkoako lurralde-buruak, Oriako ertzain etxeko buruarekin eta agenteekin eta beste hainbat lankiderekin batera, egin diote omenaldia atentatuaren egunetik 22 urte igaro direnean. Ertzaina omentzeko ekitaldia Beasaingo ertzain etxearen kanpoaldean egin dute, hain justu, atentatu terroristetan hildako ertzainak gogoratzen dituen eskulturaren ondoan. Mikel Uribek 44 urte zituen eta Ertzaintzaren Gipuzkoako ikuskaritzako burua zen 2001eko uztailaren 14an ETAk bere jaioterrian, Leaburun, hil zuenean. Komisariordea komando terrorista batek hil zuen elkarte gastronomiko batera lagun batzuekin afaltzera joateko asmotan autoa aparkatzen ari zenean. Ertzaina ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!