Asteburu kulturalari hasiera eman diote Leaburu-Txaraman

Leyre Carrasco 2023ko mai. 30a, 07:59

Kurtsoan zehar egindako eskulanen eta Fortu Ruiz de Egilaz artistaren lanen erakusketa izan zen ikusgai kultur etxean, eta ondoren, gerturatu zirenek tripa betetzeko tartea ere izan zuten.

Txaramako asteburu kulturala antolatu dute, eta lau egunetan zehar izango da zertaz gozatu bertan. Atzo izan zuten lehen ekintza Txaramako kultur etxean. Bertan, kurtsoan zehar egindako eskulanen eta Fortu Ruiz de Eguilaz artistaren lanen erakusketa izan zen ikusgai, eta gerturatu zirenek tripa betetzeko hamaiketakoa izan zuten.

Asteburuan ere ekintza ugariz gozatu ahal izango dute. Horietako bat izango da ostegunean 17:00etatik 19:00etara plazan antolatu duten xaboia egiteko ikastaroa, eta ondoren, ardo dastaketa izango dute, gazta pintxoekin lagunduta.

Ostiralean patata tortilla lehiaketa egingo dute, 20:00etan. Lehen bi sailkatuek saria jasoko dute, eta interesatuek lehiaketan izena emateko azken eguna bihar izango dute. Horretarako, 692431327 zenbakira deitu beharko da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, patata tortilla lehiaketarako osagaiak beraiek jarriko dituzte, eta osteguneko ardo dastaketan banatuko dizkiete parte hartzaileei. Egun horretan bertan afaria egingo dute, 21:00etan, eta bertara gerturatzen direnek bost euro ordaindu beharko dituzte. Ondoren, Txan magoaren ikuskizuna izango da.

Larunbatean izango da azken festa eguna, eta arratsaldean izango dute eguneko lehen ekintza, 19:00etan kultur etxean izango den Me Too antzerkiarekin. Zuhaizkin izango da autoa uzteko lekua. Bertso-afariarekin emango diote amaiera asteburuari, 21:00etan elkartean, Onintza Enbeitia eta Julio Sotorekin batera, eta horren ostean, Txikiren bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da. Afariko prezio orokorra 30 eurokoa izango da, eta 15 urtez azpikoek, berriz, 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Txaramako asteburu kulturaleko egitaraua

Ekainak 1, osteguna

  • 17:00-19:00. Xaboia egiteko ikastaroa egingo dute plazan, eta jarraian ardo dastaketa pintxoekin.

Ekainak 2, ostirala

  • 20:00. Patata tortilla lehiaketa. Sariak egongo dira lehen bi sailkatuentzat. Lehiaketarako osagaiak antolakuntzakoek emango dituzte osteguneko ardo dastaketan.
  • 21:00. Afaria eta ondoren, Txan magoa. Afarira etorri nahi dutenek bost euro ordaindu beharko dituzte.

Ekainak 3, larunbata

  • 19:00. ‘Me Too’ antzerkia kultur etxean. Autoa uzteko aparkalekua Zuhaiztin egongo da.
  • 21:00. Bertso-afaria elkartean Onintza Enbeitia eta Julio Sotorekin, eta afaldu ostean, Txikiren bakarrizketa izango da. Prezio orokorra 30 eurokoa izango da eta 15 urtez azpiko gazteek 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!