ELKARRIZKETA

«Aurpegiaren argazkia eskatu eta antzekoena egiten saiatzen naiz»

Irati Saizar Artola 2023ko api. 28a, 07:59
Fortu Ruiz de Egilaz berak egindako marrazkia eskuan duela. I. SAIZAR

Ume-umetan marrazten hasi eta oraindik ere arkatza eskuan duela jarraitzen du Fortu Ruiz de Egilaz Lopek (Txarama, 1945). Inon inoiz marrazketaz ezer ikasi gabe, ofizio izan du eskuekin egiten duena.

Gehienbat karikaturak egiten ditu, baina, bestelako lanak egiteko ere iaioa da txaramarra; 77 urterekin, marrazten jarraitzen du oraindik.

Noiz hasi zinen marrazten?

Txaramako eskolara joaten nintzen, eta eskolatik irten eta etxera iristean, beti zerbait egin behar izaten nuen. Zaletasun nagusia frontoira joan eta esku pilotan jokatzea ziren. Orduak eta orduak pasatzen nituen han. Garai hartan pilotaleku bat zegoen Txaraman, ondoren bota egin zutena. Handik etxera joan eta beste zerbait egin behar nuela eta, marrazten hasi nintzen. Paper zati bat eta lapitz bat hartuta hasi nintzen; izan ere, orduan ez zegoen ez errotuladorerik ez ordenagailurik.



Eta zer marrazten zenuen?

Aurrean nuena. Ikusten banuen ama babarrun lapikoa prestatzen ari zela, marraztu egiten nuen, eta, egia esan, nahiko txukun ateratzen zitzaidan. Mahai gainean zegoena ere marrazten nuen: gazta puska bat, ogia, ardo edota sagardo botilaren bat. Nahiko ondo geratzen zitzaidan. Nire artean pentsatu nuen: «Hau gustatzen ari zait». Horrez gain, gogoan dut zaldi aurpegiak ageri ziren laminak genituela etxean, eta marrazki horiek kopiatzen nituen. Hori bai, guztia lapitz batekin egiten nuen, eta oso trazu markatuak egin gabe; izan ere, trazu markatuak egin eta gaizki ateraz gero, ezabatu egin behar izaten nuen eta ez nuen borragomarik. Ogi mamia hartu, bola biribil bat egin eta horrekin ezabatzen nuen. Horixe izan zen nire hastapena.

 

«Gaizki ateraz gero, ezabatu egin behar eta borragomarik ez; ogi mamia hartu, bola biribil bat egin eta horrekin ezabatzen nuen»



Zaletasunak nola jarraitu zuen?

Handik urte batzuetara, 15 bat urte nituela, Tolosako Laborde eta Labaien grafika enpresatik deitu zidaten. Enpresa oso garrantzitsua izan zen bere garaian Tolosan, eta marrazkilari gisa lanean hasi nahi nuen galdegin zidaten. Baiezkoa eman nuen eta han hasi nintzen lanean. Txaramatik Tolosara bizikletan joaten nintzen egunero. Lehendik baziren bizpahiru marrazkilari lanean, eta gauza asko ikasteko balio izan zidan; litografiaz asko ikasi nuen, adibidez, edota herrietako jaietarako kartel mordoa egiten genuen, baita melokotoi, tomate, atun eta antxoatarako etiketak ere. Ia dena eskuz marrazten zen, eta letrak ere eskuz egiten ziren, lumaz. Gustatzen zitzaidanarekin jarraitzeko balio izan zidan. Horren ostean, San Juan grafikagintzatik deitu zidaten, eta lauzpabost urte egin nituen han. Hori da nire ibilbidea grafikagintzari dagokionean.



Ordurako argi zenuen marrazkilaria izan nahi zenuela?

Izugarri gustatzen zitzaidan, eta animatu egiten ninduten jarraitzera. Badut anekdota bat. Juanito Lope, egurrezko bustoengatik edota karikaturengatik ezaguna zena lehengusua nuen. Laborde eta Labaien enpresatik gertu, Agintari kalean lokal bat zuen, niri asko gustatzen zitzaizkidan gauzez beteta. Hara oso gustura joaten nintzen, eta hala esaten zidan: «Zuk badakizu marrazten, nik ez, aritu aritzen naiz, baina zuk nik baino askoz hobeto marrazten duzu». Jarraitzeko esaten zidan, esku berezia nuela, eta horrek ere aurrera jarraitzera animatu ninduen.

Zer egin izan duzu zure ibilbide artistikoan?

Tolosako Sputnik eraikinetan baxu bat daukat, eta pintatzen hasiz geroztik, hor jarraitzen dut; bizitza osoa daramat margotzen. Asko gustatzen zait egiten dudana, eta oraingoz jarraitu egin nahiko nuke gustatzen zaidana egiten, noiz arte ez dakidan arren. Nire lanbidea izan da. Eta ez naiz kalera atera esanez margolaria naizela, ez dut neure burua promozionatu, baina, jendeak modu batera edo bestera egiten dudanaren berri izan du, eta enkargu bidez lan asko egin izan dut.



Gehienbat zer margotzen duzu?

Bereziki karikaturak egiten ditut, baina baita ikur heraldikoak edota baserri eta eraikinak ere. Inauterietan karroza pila bat ere margotu izan nituen. Elkarteetan ere aritu naiz, sarrerak apaintzen, eskatutakoa margotuz. Herriko jaietarako kartelak ere izugarri egin izan ditut. Panderoak ere margotu ditut. Amak musika taldeak erabiltzen duen Mauriziaren pandero handi hori nik pintatutakoa da, esaterako. Joxe Manuel Agirre instrumentugile tolosarrak ere pandero asko ekarri izan dizkit pintatzeko.



Karikaturak egiten dituzu gehienbat. Nola egiten dituzu?

Aurpegiaren argazkia ekartzeko eskatzen diot bezeroari, eta argazki horri begiratuta, antzekoena marrazten saiatzen naiz. Gero, gorputzari dagokionez, bezeroak nahi duen bezala egiten dut: mendian izan daiteke, edo atletismoan, dantzan... Zenbaitetan gorputza neure erara egiten dut. Din A3an egiten ditut normalean, eta gero, kopia bat jasotzen dut niretzat.

Kalean aritzen dira karikaturak egiten dituzte asko.

Bai, baina hori desberdina da. Aulki baten parean eseri eta momentuan bertan egiten dizute, askotan, zenbait ezaugarri asko nabarmenduz. Nik egiten dudana errealitatera gehiago hurbiltzen da, aurpegiaren antzekoena egitea da helburua. Kalean minutu gutxitan egiten dituzte, eta nik egiten dudanak lan gehiago eskatzen du.

 

«Nik egiten dudana errealitatera gehiago hurbiltzen da, antzekoena egitea da helburua»


Zenbat karikatura egin ote dituzu?

Auskalo zenbat egin ditudan dagoeneko. Pertsonaia famatuak egiten ere aritzen naiz. Horien artean, Karlos Argiñano, Realeko jokalari asko, tartean, Mikel Oiartzabal eta Imanol Alguacil ere bai. Pilotari mordoari ere bai: Altuna, Jaka, Peña, Bengoetxea, Barriola... Nik neure kasa egiten ditut horrelakoak, opari modura. Gero, beraiekin geratzen naiz opariak emateko. Argiñanori oparia ematera, esaterako, Zarautzera joan nintzen, lagun bat dugu komunean eta haren bidez. Oso jator hartu ninduen eta berarekin bazkaldu nuen bere jatetxean. Orain gutxi, Antena 3n egiten duen saioan erakutsi zuen nik oparitu nion karikatura.



Zein da sekretua? Magia duzu eskuetan?

Argazkiari begiratzea, ez dago besterik. Aurpegi batzuk oso zailak dira marrazteko, haur txikienak adibidez, zimurrik ez dutelako. Gizon zahar bat, sudurra luze eta zimur ikusten duzunean, errazagoa da. Pertsonak marrazten asko gozatzen dut, bereziki, jende heldua, euskal jendea.



Lanerako zer material erabiltzen duzu?

Pintzel fin-finak ditut, eta baita errotulagailu finak ere, zuri-beltzean lan egiteko. Gainerakoan, akuarelarekin aritzen naiz, lauzpabost kolorerekin egiten ditut nahasketak eta nahi ditudan koloreak lortzen ditut. Garai batean, tinta txinatarrarekin eta lumarekin egiten nituen, eta orain errotuladoreekin, oso antzekoak direlako. Lerro bidez edo puntuekin marrazten dut, pazientzia handiz. Arkatzarekin ere egin izan ditut gauzak, badut nire amaren karikatura bat, arkatzez eginda eta ondoren kotoi batekin pasata; oso polita geratzen da.



Eta hori guztia non ikasi duzu?

Ez naiz inoiz marrazten ikasteko eskolaren batera joan. Neure kasa ikasi dut, egin eta egin. Txikitatik datorkidan zerbait da, ikusiz eta probatuz ikasi dudana.

Zenbat ordu pasatzen dituzu bulegoan margotzen?

Goizero joaten naiz. Orain, arratsaldeak niretzat hartzen ditut, paseatzeko edo padelean aritzeko. Lehen pilotan ibiltzen nintzen, pilotaria izan naiz, txapel batzuk ere irabazi ditut, eta orain, 77 urterekin, padelean aritzen naiz, modu lasaiagoan.



Erakusketarik edo jarri izan duzu inoiz?

Inoiz ez. Sekulako lan pila dut gordeta, baina nora joango naiz ni daukadan honekin? Orain estudioa berritu nahi dut eta pena ematen didan arren, lan mordo bat bota beharko dut, leku faltagatik. Gogoan dut, Korreo kalean zegoen Sorron dendakoak jakin zuenean horrelako lanak egiten nituela, erakusleihoan jartzeko zerbait eramateko esan zidala. Ez nuen neure burua ezagutzera eman nahi, eta jarri bazuen, jarri zuen. Jendeari izugarri gustatu zitzaizkion, eta dendan nire zenbakia ematen zien eta nire estudiora etortzen zen jendea. Enkargu asko egin ditut horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!