Zabalik da Leaburuko Energia Komunitateko izen-ematea

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 5a, 11:57

Leaburu-Txaramako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Tokiko Energia Komunitatea (TEK) sortzeko prozesua aurkeztu die herritarrei.

Tokiko Energia Komunitatea  (TEK) sortzeko urratsak ematen ari dira Leaburu-Txaraman, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarekin batera elkarlanean. Egitasmoa garatzeko, martxoaren 29an, Tokiko Energia Komunitate bat zer den eta zein onura dituen azaltzeaz gain, herritarren zalantzak eta kezkak argitzeko informazio-saioa eskaini zuten, eta herritar ugari gerturatu ziren Leaburu-Txaramako Kultur Etxean antolatu zuten bilera informatibora.

Km 0-ko energia berriztagarria sortuko dute udal eraikinen teilatuen gainazaletan instalatutako plaka fotovoltaikoek, eta modu horretan, herritarrek faktura elektrikoa «murrizteko» aukera izango dutela jakinarazi du Joxe Ramon Eizagirre Leaburu-Txaramako alkateak. Instalazioa eraikitzeko udalarenak diren udaletxeko, frontoiko eta ostatuko teilatuak utziko dizkio Aldundiari, instalazioa bertan gauzatzeko eta bost urtetan zehar bere ardurapean egongo dira.

Hain zuzen, Aldundiak 423 plaka fotovoltaiko jarriko ditu denera Leaburu-Txaraman, eta herriko 153 etxebizitza eta komertzio txikik izango dute energia berriztagarri hori kontsumitzeko aukera. Alde batetik, herriko frontoiko teilatuan 341 plaka fotovoltaiko jarriko ditu Aldundiak Leaburu-Txaramako TEK-ari 51 kW emateko. Denera, 77 etxe eta komertzio txikik izango dute udaletxeko instalaziotik sortzen den energia berriztagarria hori kontsumitzeko aukera. Bestetik, ostatuko teilatuan 50 plaka fotovoltaiko jarriko dira, herriko TEK-ari 22 kW emanez, eta 54 etxe eta komertzio txikiengana iritsiz. Azkenik, udaletxeko teilatuan 32 plaka fotovoltaiko jarriko dira, 14 kW sortuz, eta 22 etxe eta komertzio txikik izango dute hori kontsumitzeko aukera.

Behin taldea osatuta, Leaburu-Txaramako TEK-a elkarte modura osatzeko fasea abiatuko dute. Horretarako, Aldundiak adierazi du herriko komunitateak zein nolako egitura izango duen adostu beharko dutela herritarrek, estatutu batzuk zehaztuz. Leaburu-Txaramako Udalak konpromezua hartu du Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarte bezala eratzeko, alegia, lehendakaria izendatuta. Horrez gain,  diruzaina eta idazkaria ere behar direla esan du Eizagirrek, eta herritarrak ekimenean parte hartzera animatu ditu. «Herritarrek  erabakiko dute zer egin nahi duten, eta edozein unean atzera botatzeko aukera ere izango dute».

Une honetan, beraz, Leaburu-Txaramako TEK-a sorrera fasean aurkitzen da, eta parte hartu edo interesa duten herritarrek jada eman dezakete izena www.tekgipuzkoa22.eus/leaburu web orriaren bitartez. Hor sartuta bertan agertzen den inprimakia bete beharko dute, eta horrela, Tokiko Energia Komunitatearen bazkide izaera lortuko dute. Eguzki plakak martxan jartzen diren unean, argindarraren fakturan deskontua izango dute bertan izena eman dutenek.

Informazio osagarria edo zalantzak argitu nahi dituzten herritarrek ere horretarako aukera izango dute info@.tekgipuzkoa22.eus helbidera idatzita, 946 856 312 telefonora deituta edo Leaburu-Txaramako Udalera gerturatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!