Bi herrien arteko harremana ospatzeko eguna

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 15a, 17:59
2019an, Leaburu-Txaraman ospatu zuten Senidetze Eguna. IRATI URDALLETA

Leaburu-Txaramako eta Larresoroko herritarrek Senidetze Eguna ospatuko dute martxoaren 26an.

Hilaren 26an bisita berezia jasoko dute leaburuarrek herrian. Pandemiaren eraginez izandako bi urteko etenaldiaren ostean, urteroko hitzordua berreskuratzea lortu dute Leaburu-Txaramak eta Larresorok (Lapurdi), eta Senidetze Eguna ospatuko dute berriro ere.

Urtean, gutxienez, bi aldiz elkartzeko ohitura izaten dute, bi herrietako lagunek. Sagardotegi garaian izaten da lehen hitzordua, Leaburun. Hurrengo igandean izango da, hilaren 26an. Goizean iritsiko dira Larresorokoak Leaburura, eta herriko dantzariekin egingo diete ongietorria. Ondoren, hamaiketakoa eskainiko dute guztientzat herriko sagardogileen sagardoarekin.

«Azkenaldian gazteei parte hartzea gehiago kostatzen bazaie ere, bere garaian izugarrizko festa antolatzen genuen», oroitu du Maria Luisa Uzkudun zinegotziak. Hala ere, urtero egitarau «aberatsa» prestatzen dute, eta berezitasunak tarteko, aurtengoa ere hala izango da.

Aurten toka alde batera utzi, eta horren ordez, eguerdian bertso-pilota jaialdia egongo da Arkaitz Esnaola eta Jon Erasun pilotariek elkarren aurka jokatuko duten partidarekin. Bertan, Sebastian Lizaso eta Mikel Mateo bertsolariek parte hartuko dute, eta Elene eta Haizea trikitilariekin batera ariko dira eguna girotzen. Herriko Ostatua sagardotegi bilakatuko da, eta bertan prestatuko dute bertso bazkaria.

Uztailean

Bigarren hitzordua, berriz, uztailean egiten dute eta bisita alderantzizkoa izaten da. Orduan, Leaburu-Txaramako herritarrak izaten dira Lapurdira joaten direnak. «Beraiek ere gurearen antzeko egitaraua prestatzen dute; dantza edota sega ere egin izan dugu, besteak beste», aipatu du Uzkudunek. Gainera, herrian izan ordez, basoan antolatzen dituzte ekitaldiak, erreka baten ondoan, «ingurune oso polit- ean».

Hogei urte baino gehiago dira Leaburu-Txaramako herritarrak Larresoroko Ote Lore elkarteko kideekin harremanetan hasi zirela; 1994az geroztik, hain zuzen. Senidetzearen ofizialtasuna, berriz, 2014ko abenduan onartu zuten, eta hori islatzeko ekitaldia ere izan zuten Leaburu-Txaraman. Ordutik, bi udaletan senidetzearen berri ematen duten plakak ere jarriak dituzte udaletxeetan. Senidetzea herritarren artean sortu zen harremanari bi udalek «zor» zioten zerbait dela esan du Uzkudunek, eta, geroztik, Leaburu-Txaramako Udalak bere egin du, «ofizialtasunez», harreman hori bultzatzen jarraitzeko helburua.

Horregatik, eta bide horretan jarraitzeko asmoz, Uzkudunek Leaburu-Txaramako herritarrak festara «animatu» ditu: «Oso jende jatorra da eta harreman estua egitea lortu dugu. Guztiok elkarrekin igarotzeko egun polita izaten da. Beraz, honek jarraipena behar duela uste dut, eta ondorengoek ere behar dute».

Bazkarira joan nahi duten herritarrek Ostatura deitu beharko dute izena emateko, 943 67 42 77 telefono zenbakira, eta hilaren 20a izango da horretarako azken eguna.

EGITARAUA
  • Martxoak 26, igandea
    • 11:00. Ongietorria herriko dantzariekin. Ondoren hamaiketakoa herriko sagardogileen sagardoarekin.
    • 12:00. Bertso pilota.
      • Pilotariak: Arkaitz Esnaola eta Jon Erasun. Bertsolariak: Sebastian Lizaso eta Mizel Mateo. Trikitilariak: Elene eta Haizea.
    • 14:00. Bertso bazkaria herriko Ostatuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!