Indarkeria matxista identifikatzeko ikastaroa egin dute

Leyre Carrasco 2023ko ots. 15a, 17:59

Emagin elkarteak zuzenduta, 12 eta 18 urte bitarteko neskei bideratutako bi saio eskaini ditu Leaburu-Txaramako Udalak.

Autodefentsa feminista ikastaroa eskaini du bigarrenez Leaburu-Txaramako Udalak. Oraingo honetan, ordea, ikastaroa 12 eta 18 urte bitarteko neska gazteentzat egon da bideratuta, eta hiru orduko bi saioetan banatu dute ikastaroa; astelehenean egin zuten lehen saioa, eta bigarrena, berriz, atzo ospatu zuten.

Indarkeria matxista identifikatzea ez ezik, saioetan emakumearen autoestimua ere landu dela azaldu du Maria Luisa Uzkudun zinegotziak: «Gizarte patriarkal honek egunerokotasunean oztopoak jartzen dizkigu, eta emakumeari askotan, uste gabe ere, autoestimua jaisten zaigu. Beraz, ikastaro honetan emakumeak bere burua babesten ikasi du, baita matxismo egoera desberdinak, fisikoki baino gehiago, mentalki non dauden identifikatu ditu ere».

Izan ere, gaur egungo egoera ikusita, herrian halako zerbait egitea «beharrezkoa» zela aitortu du Uzkudunek. «Inauteriak ate joka ditugu, eta tristea bezain beharrezkoa ikusten genuen ikastaroa berriro martxan jartzea ospakizun hau baino lehen. Nik esaten dudan moduan, Inauterietara gauzak argi ditugula joan behar dugu, inauteriak gozatzeko eta ondo pasatzeko festa baita. Bakoitzak jakin behar du bai eta ez noiz esan edo zein limite jartzen diren. Gure burua babesten ikasi behar dugu».

HIRU ORDUKO BI SAIO

Ainhoa Almando Emagin elkarteko informatzaileak zuzendu ditu saioak, eta berak azaldu bezala, «genero-sistemaren eraginak ikusarazteko egiten dugu lan, horretarako zapalkuntza hetero-patriarkalaren inguruko ulermena eta analisia zabaltzeko formazioa eta esku-hartze zehatzak egiten ditugu».

Honela, lehenengo saioan teoria landu dute, eta bertan, autodefentsa feminista zer den eta erasoa identifikatzen irakatsi du Almandok. Bigarren saioan, berriz, teorian irakatsitako hori praktikan jarri dute, parte hartzaile bakoitzaren jarrera landuz,besteak beste.

«Garrantzitsua da jakitea autodefentsa feminista ez dela bakarrik fisikoa. Indarkeria matxista egoerak beti fisikoki gertatzen direla uste du jendeak, eta hori ez da horrela, psikologikoki ere jasatan baitira. Eraso ezagutzen jakin behar dugu», azpimarratu du Almandok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!