Txaramak 1,5 milioi euro jasoko ditu auzoa eraberritzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 26a, 11:58

Auzo zaurgarriak berroneratzeko programa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak eta Leaburu-Txaramako Udalak auzoa konpontzeko erabiliko du jasoko duen laguntza.

Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 14 auzo zaurgarri aukeratu ditu 101 milioi euro bideratzeko. Horien artean, Txarama aukeratu dute eta 1,5 milioi euroko diru laguntza jasoko dute «auzoa konpontzeko». Etxebizitzak berritu eta urbanizazioari begira zenbait esku hartze egin nahi dituztela esan du Joxe Ramon Eizagirre Leaburu-Txaramako alkateak.

Txarama auzoaren inguruko lanketa egiten 2019an hasi zen udala. Luixa Uzkudun zinegotziak azaldu duenez, txaramarrei aginduta zeuden udaletik auzoa konponduko zutela: «Auzotarrei hitza eman genien zerbait egingo genuela, eta lehen egunetik plan bat osatzen hasi ginen; auzotarren proposamenak jaso, lehentasunak markatu, eta Txarama eraberritu nahi genuen».

Behin plana idatzita, ordea, finantziazioa falta zitzaien, eta Eusko Jaurlaritzak atera duen diru laguntza egokitu berri zaie. «Gure txikitasunean, sinetsita ari ginen lanean, eta lanaren emaitza izan da diru laguntza jasotzea», esan du Uzkudunek. Hamaika ate jo dituztela kontatu dute, eta pozik daude plana bideratzeko modua izango dutelako. «Diru laguntza hori herri handiei begirakoa izan zitekeela ikusten genuen, izan ere, aurrez proiektu bat ia eginda eduki behar zen, eta zein herri txikik edukitzen du horrelako dimentsioko proiektu bat prest? Guk bagenuen, eta lortu dugu».

Txaramaren kasuan, 1,5 milioi euro jasoko dituzte, eta hiru urteko epean, diru kantitate hori Txaraman kudeatzea izango da udalaren lana. Batetik, etxebizitzak konpondu eta berritu ahal izateko bideratuko dute diruaren zati bat, eta, bestetik, urbanizazioa hobetzera bideratuko dute beste zatia. Etxebizitzak konpontzeko kasuan, jaurlaritzak espero du Txaramako 78 familiari iristea laguntza.

Udalera diru laguntza iristean, bulego bat jarriko dute Txaraman, auzotarrak informatuko dituena. Bulego horretan kontsultatu ahal izango dute auzotarrek zer laguntza dauden eta nola jardun behar den etxebizitzak berritzeko irisgarritasunaren, bizigarritasunaren edo energia-efizientziaren arloan. «Teknikariak egongo dira bulego horretan, eta bizilagunek, esaterako, beraien etxebizitzako proiektua bulegoan aurkeztu beharko dute, eta bideratu ere bertan egingo dute», azaldu du alkateak. Izan ere, nahiz eta dirua udalak kudeatu, Eusko Jaurlaritzak finkatuta ditu laguntzak jasotzeko oinarriak.

Urbanizazioari begira, Txarama erditik pasatzen den errepide ertza «eremu segurua» izatea nahi du Eizagirrek: «Errepidea estutzeko aukerarik balego, espaloia handitu nahiko genuke eta zebrabideak jarri». Horrez gain, Tolosatik aurrera dagoen bide gorriari jarraipena eman eta Lizartzaraino luzatzeko aukera ere begiz jota dute. «Ikusi beharko da ze aukera dauzkagun».

Plaza berritzea ere bada asmoa. Uzkudunek kontatu du prozesu luzea izan dela, plaza kokatuta dagoen eremua pribatua zelako, hau da, ondoan dituen bi etxebizitzei zegokielako. «Plaza udalaren esku lagatzeko tramiteak egiten ari gara orain, baina luze joan da kontua, bizilagun guzti-guztiak ados egon behar zutelako. Baina udalaren jabetzan geratzen denean aukera izango dugu berritzeko behintzat». Kultur etxe atarian ere zebrabide bat jarri nahi dutela kontatu dute, eta sarrerako aldapa egokituko dute baita ere, irisgarria izan dadin.

Jasotako diru laguntzarekin, ordea, ezingo dute Txarama osoa eraberritu. Auzoak hiru kilometro ditu luzean, eta «diru horrekin ez da iristen». «Orain jasoko dugun laguntza ondo kudeatzen dugula ikusten badute, hitza eman digute diru gehiago emateko aukera izango dutela», zehaztu du Uzkudunek. Izan ere, hasiera batean, 4 milioi euroko laguntza jaso zezaketela esan zieten, baina fasez fase egiteko 1,5 milioi jasoko dituzte. «Txarama osoa berritzeko aukera izatea espero dugu; auzoa erdizka uztea diskriminatzailea izango zelako beraien partetik ere».

Txarama osoa konpontzeko adina ez dagoenez, lehen fasean, auzo sarreratik kultur etxe ondoan dauden etxeetara iristea erabaki dute. «Guk lanean jarraituko dugu auzo osoa konpondu arte», esan du zinegotziak.

Erakargarriagoa izateko

Paper fabrika itxi ondotik, gainbeheran doan auzoa dela diote udal gobernukoek. Itxura berrituarekin, ordea, «erakargarria» izatea nahi du alkateak, «jendeak ikus dezala bizitzeko auzo egokia dela». Eta ez kanpotik datozenentzat bakarrik, bertakoei begira ere jarri dira: «Txaramarrek merezi dute».

Uzkudunek dio, erakundeekin bilerak egin dituztenetan, Txarama «errepide ertzean dauden etxebizitza batzuk» bezala ikusten dutela, «auzo izaerarik gabe». Hor lan egin dute: «Guk esaten genien auzo bat dela, beraien nortasuna badutela, eta nik uste diru laguntza hau jaso izana badela errekonozimendu bat Txarama auzo bat dela esateko, eta ez erreka ondoan kasualitatez sortutako etxebizitza multzo bat».

Igogailua jartzen

Irisgarritasunari begira, igogailua jartzen ari dira udaletxean. Eta bide batez, udaletxeko teilatua ere berritzen ari dira, ondoren eguzki panelak jartzeko. Udaletxean, frontoian eta ostatuan jarriko dituzte panelak, komunitate energetikoa sortzeko gero. 500 metroko erradioan dauden etxebizitzek izango dute komunitateko parte izateko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!