Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro bideratuko ditu Txaramara

Tolosaldeko Ataria 2022ko urr. 21a, 19:58

Kaltetuak egon daitezkeen eraikin eta etxebizitzen birgaitze «ekojasangarria», zirkulazioa arintzea eta bide-sarea eta errekak eta ibaiertzak leheneratzea izango da laguntza horien helburua.

Lurralde Plangintzaren 1,5 milioi eurori esker, jaurlaritzak bizitegi-eraikinetako konponketak 78 familiari iristea espero du. Horrez gain, Lan eta Enplegu Sailetik langabeturik dauden txaramarrak lan mundura bideratzeko plana aurkeztuko du. Kasu honetan, inguruko herrietako langabetuek ere parte hartu ahalko dute ekimen horretan. Eraikuntza sektorearen «eskakizun berrietara» egokitu nahi dira langabetu horiek, formazioa, jarraipena eta aholkularitza eskainiz.

Diru laguntza eta ekinbide hauen inguruko informazioa jasotzeko, Txaraman auzo bulegoa jarriko dutela ere esan dute Eusko Jaurlaritzatik.

«Auzo zaurgarriak»

Eusko Jaurlaritzak EAE-ko 14 auzo zaurgarri aukeratu ditu 101 milioi euro bideratzeko. Horien artean Txarama aukeratu dute. Jaurlaritzatik azaldu dutenez, «plan hauei esker, auzo horietan energia-trantsizioa bultzatuko da, eraikinen eta etxebizitzen bizigarritasuna hobetuko da, eta biztanleen lan-munduratzea sustatuko da. Esku-hartzeen helburua izango da klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako urratsak eta gizarte-erronka berrien aurreko prestakuntza Euskadiko herritar guztiengana iristea, non bizi diren eta zer baliabide duten kontuan hartu gabe».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!