Leaburuko jaiak 2022

Herri kirol emanaldi berezia egin dute Leaburun

Leyre Carrasco 2022ko uztailaren 3a

San Pedro jaietako azken eguna ari dira ospatzen Leaburun, eta herri kirolek ere tartea izan dute programazioan. Aurtengoan, ordea, herriko gazteek antolatu dituzte, eta beraiek izan dira protagonistak.

Eguraldiak lagundu ez duen arren, gogotsu aritu dira Iñaki Azurmendi eta Unai Zabala aizkolari gazteak, Anjel Arrospide eta Ugarteburu beteranoen aurka lehian. Denbora pasa ahala sasoi onean jarraitzen dutela erakutsi dute Arrospide eta Ugarteburuk proba irabazi ostean.

Aizkolariek lanak amaituta, herriko gazteek hartu dute plaza. Bi taldetan banatuta pentatloia jokatu dute, eta bertan, trontzan, txingetan, koxkola biltzen, soka saltoan eta korrika aritu dira. Amaieran irabazleek saria jaso dute; herriko ostatuan taldearentzako afaria.

Emanaldia hasi aurretik kultur zinegotzia den Luixa Uzkudun, eta bere alaba Izadi Arrospideri omenaldia egin diote. Izan ere, pasa den igandean Elorrioko Emakumeen Binakako Sega-sail Lehiaketan txapela janztea lortu zuten ama-alabek. Modu horretan, beraien lana eta esfortzua goraipatu ez ezik, emakumeek herri kirol munduan lortzen ari diren ikusgaitasuna ere omendu nahi izan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!