Igogailua jarriko dute udaletxean, irisgarria izateko

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 6a, 11:59

503.788 euroko aurrekontua onartu du Leaburu-Txaramako Udalak 2022rako; gizarte zerbitzuetan partida handitu dute, eskaerak gora doazelako.

Pasa den asteko osoko bilkuran onartu zuen 2022rako aurrekontua Leaburuko Udalak. Denera 503.788 euro dituzte urte honetan zehar erabiltzeko, «iaz baino zerbait gehiago». Jose Ramon Eizagirre alkateak azaldu duenez, "Udalen Foru Funtsetik gehiago jasotzea aurreikusi dugu, eta ikusi egin beharko dugu aurreikuspenak betetzen diren".

Beste urteetako aurrekontuaren "antzekoa" egin dute. Gastu pertsonaletarako 169.100 euro bideratu dituzte, eta igoera gizarte zerbitzuetan egin dute. Etxez etxeko laguntza zerbitzua eman ahal izateko, partida igo behar izan dute. "Urtetik urtera zerbitzu horretan behar gehiago izango dugu, geroz eta adineko gehiago daudelako bakarrik bizi direnak eta laguntza behar dutenak", esan du Eizagirrek. "Momentuz, bi etxetan ematen dugu zerbitzua, baina eskaerak geroz eta gehiago daude, eta zerbitzu hori eskaini beharra dago".

Inbertsioetarako, berriz, 77.688 euro erabiliko dituzte, eta epe laburrean udaletxean igogailua jartzen hasiko dira, "irisgarritasuna hobetzeko". Lehen solairutik larrialdiko etxebizitza dagoen solairuraino, azken solairuraino iritsiko da. Udal eraikinaren barrualdetik egingo dute, eta areto nagusiaren ertz batetik pasako da, "kanpoaldetik eginda garestiago ateratzen zelako". Datorren astean esleituko dute obra, eta "hasteko moduan" izango dira. Diru laguntza eskatuta dute, eta erantzunaren zain daude.

Udaletxeko teilatuari ere errepaso bat eman nahi diote, mantenua egin. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez eguzki panelak jartzeko proiektua "nahiko aurreratuta" dute dagoeneko, eta hori jarri aurretik txukundu nahi dute teilatua. "Iaz jaso genuen eguzki panelak jartzeko proposamena aldunditik, eta udaletxeko, pilotalekuko eta ostatuko teilatuak ikusi dituzte egokienak panelak jartzeko". Horrela, komunitate energetikoa sortuko dute eta energia hori partekatzeko moduan izango dira. Hala ere, aldundiaren esku dagoela dio Eizagirrek, udaletik baiezkoa emana dagoelako.

Urtez urte, plaza atzeko aparkaleku ondoan dagoen parkea pixkana berritzen doaz, eta aurten ere osatzen jarraituko dute: "Iaz, adinekoek gimnasia egin dezaten makina bat jarri genuen, eta oraindik leku gehiago dagoenez, zabu bat jarriko dugu aurten".

Inbertsio gehiago

Zaborraren kudeaketan begirada jarri du udalak. Leaburun auto-konpostagailuak dituzte etxeetan eta Txaraman bi gune dituzte auzo-konposta egiteko. "Oso ondo hasi ginen, baina ikusten dugu birziklatzeko kontzientzia galtzen ari garela pixkana, eta enpresa bat kontratatuko dugu herriko balorazio bat egin dezan". Etxez etxe joango dira birziklapenaren inguruan, eta konpostaren inguruan kanpaina eginez.

Beste partida bat eliza atzean egitekoak dituzten etxebizitzen lan teknikoekin jarraitzeko bideratu dute. Etorkizunean bi eraikin egitea da asmoa, bina etxebizitza tasatu izango dituena, eta aurten, lan teknikoekin, hau da, proiektuarekin eta bestelako administrazio kontuekin jarraitu nahi dute. "Ea aurten amaitzen ditugun paper kontuak, eta datorren urtean zerbait egiten hasteko moduan garen".

Urteroko hitzorduetara

Kulturara begira, aurten herriko festak "normaltasunez" ospatzeko moduan izango direla aurreratu du Eizagirrek. San Pedroak ospatzen dituzte, eta aurten, Uemako udalekuetan dabiltzanek San Pedro bezperan Leaburun pasako dute gaua, "beraz, zerbait antolatuko dugu".

Asteburu honetan, igandean, urtero egin ohi zuten hitzordu bat berreskuratuko dute: herriko erretirodunen irteera sagardotegira. Lizartzako sagardotegira joango dira.

Horrez gain, ludoteka zerbitzua ere izango dute aurten, bai Aste Santuan, eta baita udan ere. Konfinamendu garaian ez zuten ludoteka zerbitzua eskaini, baina online erronka moduko bat egin zuten. Parte hartzaile guztientzat sari moduko bat jarri zuen udalak: Zarautzen asteburu pasa egitea. Bada, asteburu honetan izan dira Zarautzen erronkan parte hartu zuten gaztetxoak, eta zalditegian ibiltzeko aukera izan dute.

Zinegotzi aldaketa

Azken osoko bilkuran, zinegotzi kargua utzi zuen Eli Eizagirre herritarrak, eta alkate izandako Luisa Uzkudunek beteko du zinegotziaren kargu berria. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!