Elkarrizketa

«Produkzioan ari garenak harrapatuta gaude»

Tolosaldeko Ataria 2022ko mar. 31a, 11:59

Lehengaien eta gainerako produktuen prezioak gora eta gora doaz, eta ekoizleek estu eta larri begiratzen diote datorrenari; bizirauten saiatzen ari dira momentuan. Horrela kontatu du Jokin Arrospide Mahalako arduradunak.

Prezioen igoera sektore guztiak astintzen ari da. Tartean, lehen sektorea. «Oso estu» daudela dio Mahala enpresako Jokin Arrospide arduradunak eta kezkaz begiratzen dio etorkizunari.

Ze eragin du zuenean prezioen igoerak?

Sekulako eragina izaten ari da. Iazko abuztu ingurutik hasita dator igoera. Batez ere argindarrak eman zigun sekulako golpea, eta atzetik etorri ziren besteak. Horri puntua hartzen saiatu ginen, neurri batean irauteko moduan lortu ere bai, baina oraingo hau errematea izan da.

Zein izan da erremate hori?

Pentsua izugarri ari da igotzen. Azken hamabi hilabetetan %75 igo da. Gure ganaduek gizendu eta esnea emateko pentsua behar dute. Ahal den neurrian saiatzen gara belarra emanaz eta bertakotik tiratzen, baina derrigorrezkoa da kopuru dezente bat pentsua izatea. Prezio bat igotzen denean, bestea ere igo egiten da, eta guztia doa gora.

Sekulako igoera izan du pentsuak hortaz.

Lehengo urteko apirila kontuan hartuta, eta apiril honen erdialderako izango duen prezioa jakinda, %75ekoa da igoera. Esan digutenez progresiboki egingo du igoera.

Eta zergatik halako igoera?

Pentsu gutxi dagoela esaten dute, eta dagoenean gustura egon gaitezkeela diote. Baina espekulazioa dago bestetik. Ukrainako gerrak eragina izango zuen, dudarik gabe, baina beste gauza gehienekin bezala espekulazioa dagoela ikusten dugu.

Ganaduaz gain produktuak ere merkaturatzen dituzue. Bi aldeak dituzue.

Ertz askotatik jo gaitu igoerak. Batetik ganaduen elikaduran, eta bestetik behar ditugun lehengaietan ere izan dira igoerak, nahiz eta leunagoak izan. Guk %5eko igoera egin genuen urte bukaeran, eta konturatu gara oso motz geratu ginela. Irauten saiatzeko modu bat izan zen.

Ze aurreikuspen dituzue?

Ea gai garen eusteko. Baina ikusten duguna da estrategia bat dagoela honen atzean, ekonomia kapitalista kontrolatzen duenaren estrategia. Espekulazio bidez, komertzio txikia eta ertaina baztertzeko bide bat dago, gertatzen ari diren mugimenduek horretara garamatzate. Gero beraiek merkatu hori kudeatu nahi dute.

Beste baserritarren egoera ere zuenaren antzekoa al da?

Egoera oso larria da, jota gaude. Batez ere produkzioan ari garenak eta profesionalago lan egiten dugunak harrapatuta gaude. Jarduera guztiak ere ez dira berdinak, baina denak nahiko larri gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!