Elkarrizketa

“Pentsatzen dut badudala zerbait herriari emateko, eta saiatu naiz”

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 4a, 11:59

Tindufen dauden saharar errefuxiatuen kanpamentuetatik iritsi berri da Eizagirre. Urteak daramatza saharar herriaren alde elkartasun ekintzak antolatzen eta haietan parte hartzen.

Azken urteetan, saharar herriaren aldeko mugimenduetan buru-belarri dabil Gregorio Eizagirre (Leaburu, 1953). Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidea da, eta atzo bertan iritsi zen Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetatik, astebeteko egonaldia egin eta gero. Elkartasuna, konpromisoa eta militantzia gazte-gaztetatik jaso dituen balioak izan dira, eta, gorputzak uzten dion artean, horrelako “saltsetan” jarraitu nahi du.

Nola sortu zen Sahararekin duzun harremana?

Gaztetatik izan dut lotura mugimendu independentistekin. Gaztea nintzenean, MPAIAC Kanarietako independentziaren aldeko mugimendua ezagutu nuen bezala izan nuen Fronte Polisarioaren berri. Nire buruan zeuden mugimendu horiek, eta, halako batean, 2004 inguruan, Lizarrako [Nafarroa] kanpinean geundela, uda pasatzera etorritako haur saharar bat ezagutu genuen. Donostiako familia batekin zegoen, eta harreman estua egin genuen haurrarekin. Harrera familiak esan zigun hurrengo urtean ez zutela berriro ere haurra hartzeko asmorik, eta gure familian hartzea pentsatzen hasi ginen.

Hor sortu zen halako lotura bat?

2005a izango zen. Nire alaba Elisabeti eta Txaramako Nagore Esnaolari Saharara joatea otu zitzaien, eta, bide batez, haur saharar horren familiari baimena eskatu nahi zioten, gure etxera etor zedin uda pasatzera. Eta hala ekarri genuen, hiruzpalau urtez, Oporrak Bakean programaren bidez. Hortik hasi ginen mundu honetan sartzen.

Haurra ekartzeko konpromisoa bai, baina baita saharar herriari laguntzekoa ere.

Zentzu politikoarekin hasiera-hasieratik egin genuen bat. Haurra Donostiako taldearekin batera etortzen zen, eta han jende asko ezagutu nuen. Besteak beste, Gurutze Irizar eta Paquito Hach Embarek ormaiztegiarrak. Urte hartan, bidaia bat antolatu zuten errefuxiatu sahararren kanpamentuetara: harresiaren aurrean protesta egitea zen bidaiaren asmoa, eta han joan nintzen ni ere, beste herritar askorekin batera.

Tolosaldea Sahararekin elkartean sartu zinen gero?

2000. urtean sortu zen elkartea. Haurrak ekartzen zituzten edo begirale moduan aritzen ziren herritar talde bat elkartu zen Tolosan, eta ikusi zuten urte guztian hainbat jarduera antolatzeko elkarte bat sortzea izango zela egokiena. Ni bost urte geroago batu nintzen proiektura.

Bazegoen, beraz, sentsibilizazio bat inguruan, ezta?

Antton Izagirre zegoen garai hartan Tolosako alkate, eta bidaia instituzional bat egin zuten kanpamentuetara. Hortik utzi zigun udalak gaur egun elkartearen zereginetarako erabiltzen dugun lokala. Biltegia daukagu hor, materiala jasotzeko-eta erabiltzen duguna.

Urtean zehar zer egiten duzue?

Urte osoan aritzen gara gauza bat edo beste antolatzen. Udan, Oporrak Bakean programa izaten dugu, eta urteko egitasmorik garrantzitsuena horixe dugu gaur egun; Saharako haurrak bi hilabetez etortzen dira familietara. Bestalde, azaroan aurkezten dugu janaria biltzeko proiektua, eta urtarrilean egiten dugu bilketa bera. Supermerkatu handietan biltzen hasi ginen, baina herri txiki asko daude Tolosaldean, eta eskoletan jarri nahi genuen indarra. Horrela, bai haurrei eta bai gurasoei eragiten diegu kanpaina horrekin. Eta, egia esan, sare ederra osatu dugu eskualdean Sahararen alde. Aurten, janari bilketan, ia 5.000 kilo jaso ditugu.

Maiatza Borrokan egitasmoa ere antolatu ohi dugu. Fronte Polisarioaren sorrera maiatzaren 10ean izan zen, eta lehen ekintza armatua, maiatzaren 20an. Data horien bueltan, hitzaldiak eta ekintzak egiten ditugu. Joxe Mari Agirretxeren ideia batetik tiraka, Bueltaka egitasmoa ere antolatzen dugu. Tolosako Berazubi estadioan izaten da, goizean, eta buelta bakoitzeko euro bat ordaindu behar izaten da. Enpresak gonbidatzen ditugu taldeka parte har dezaten. Arrakasta izaten du: sarreran kutxa bat jartzen dugu dirua biltzeko, eta jendeak ekarpenak egiten ditu. Musikarik eta giro onik ez da falta izaten.

Hori hemen; baina hara ere joaten zara laguntzera.

2005ean joan nintzen lehen aldiz kanpamentuetara, eta 2007an hasi nintzen Sahara maratoira joaten. Tolosako lagun batek eman zidan maratoiaren berri, eta orduz geroztik beti saiatzen gara joaten. Urte hartan, Madrilgo antolakuntzarekin harremanetan jarri ginen, eta ikusi genuen beste esparru batean ere lagun genezakeela. Gogoan dut 2010ean laurogei euskaldun joan ginela, inoizko gehien. Bidaia polita izan zen.

Kanpamentuetan, familia baten etxera joan ohi zara?

Oporrak Bakean programari esker ditugu han familiak. Hemen egondako haurren familiak dira, eta familia horietara joaten dira asko, baita ni ere. Urtean bi bidaia antolatzen ditugu kanpamentuetara, bata Aste Santuan eta bestea abenduko zubian. Udan haur sahararra etxean izan duena haren familia ezagutzera joaten da. Eta beste aitzakia maratoiarena da. Azken batean, aitzakia bat da hara joateko. Nik, adibidez, hamalau aldiz egin dut 10 kilometroko lasterketa. Izan ere, 42 kilometrokoaz gain, 10ekoa eta 5ekoa ere egiten dituzte. Korrika baino gehiago, oinez egin izan ditut, askotan bakarrik. Bueno, bakarrik zoaz, baina ez zaude bakarrik, ez zara hala sentitzen behintzat, eta gozamena da.

Etorri berria zara handik…

Bai, astebeteko egonaldi bat egin berri dut, maratoiaren aitzakian. Atzo iritsi nintzen etxera. Aurten, lesio batengatik, ezin izan dut parte hartu lasterketan, baina egun atseginak izan dira. Lasterketa egunean, ibilbidearen zati bat ibilgailu batean egitera gonbidatu ninduten, eta barrutik bizi izan nuen, beste modu batera, eta ederra izan zen. Euskaldun mordoa joan gara, eta gure laguntza apurra eraman ahal izan diegu; zain izaten dira gu noiz joango. Maratoiarena otsailaren 28an izan zen, eta, bezperan, Aberri Eguna ospatu genuen. Beste egun batean, Korrika ere egin genuen, 22. Korrikaren omenez. Sudur gorriak banatu genizkien haurrei, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen pankarta bat hartuta ibili ginen poz-pozik, euskararen alde. Gainerako egunetan, hara eta hona ibili gara, egitekoen zerrenda osatu nahian.

Materiala ere eraman duzue.

Beste gauzen artean, maratoiaren aurretik botikak biltzen ditugu, han oso gutxi baitaude, eta dagoena, oso garesti baitago. Eta hara eramateko aprobetxatu dugu bidaia. Eskola materiala eta beste hainbat produktu ere eraman ditugu; tartean, olioa. Gure elkarteak esnea erosi zuen, eta eskola batean utzi dugu; horrela, egun askotarako gosaria dute orain eskola horretako haurrek.

Zer moduz topatu dituzu kanpamentuak?

Pandemiak eragina izan du han ere, eta ez da ahaztu behar gerran ere badaudela. Nabari da azken bi urte hauetan laguntza gutxiago jaso dutela: produktuen eskasia ikusi dut hainbat esparrutan. Oinarrizko produktuetan, adibidez, olioa falta zaie, eta gainerako produktuak oso garestiak dira. Alde horretatik, giro tristeagoa sumatu dut beste urteekin alderatuta.

Lehen, Tolosan; orain, Leaburun. Eta beti lanean?

Lehen, Tolosan bizi nintzen, Kondeko aldapan. Auzo elkarte bat behar genuela ikusi genuen, eta horretan aritu ginen lanean. Udalak lokal bat utzi zigun, eta han aritzen ginen guztia antolatzen. Beti ibili izan naiz horrelako saltsetan. Eta orain 22 urte Leaburura etorri nintzen bizitzera. Bertako udalean egiten nuen lan, eta proiektu bat jarri zuten abian, etxebizitzak egin eta jendeak herrian bertan bizitzen jarraitzeko aukera izan zezan. Apuntatu ginen, eta horrela nago orain hemen. Gero, gaixotasun bat tarteko, erretiroa hartu nuen.

Eta ordutik, laguntzen beti.

Saltsa guztietan egoten naiz beti; elkartasun hori gogoko dut. Udalean lan egin nuenez, harreman sare polita osatuta daukagu, eta taldetxo bat elkartu ohi gara astelehenero, udaletxean, gure lanak egiteko.

Konpromisoa, militantzia, elkartasuna… zer diren badakizu…

Horixe ikasi dugu gaztetatik. 15 urterekin hasi ginen mugimenduetan. Nik, gainera, Eskolapioetan ikasi nuen, eta urte gutxi nituela hasi nintzen konturatzen gauza batzuekin ez nentorrela bat. Ikastetxeak bi zati zituen, pobreen aldea eta aberatsen aldea. Hor buruari bueltaka hasi nintzen, zergatik ote zen hori horrela, eta bizitzak erakutsi dizkit balio horiek. Gauza bat bestearekin lotzen hasten zara, eta hor zoaz aurrera. Delineatzaile izateko ikasketak egin, eta Tolosako enpresa batean egin nuen lan. Toki batean edo bestean, beti militatu dut. Pentsatu izan dut zerbait badudala emateko herriari, eta saiatu naiz ematen, nahiz eta batzuetan hanka sartu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!