Elkarrizketa

«Aizkolariak berezko ofizioa behar du, eta ez indarra bakarrik»

Joxe Anjel Sarasola 2022ko ots. 10a, 11:59

Mindegia, Olasagasti eta Larretxearen garaiko aizkolaria izan zen Anjel Arrospide leaburuarra, eta horiei irabazi egin zien Euskal Herriko txapelketa nagusietan; aizkorarako harra betidanik izan zuela esan du.

Ataria Irratiko Desafioa saioan gonbidatu berezia izan dugu: Anjel Arrospide (Leaburu, 1956). Orain gutxi berari buruz liburua argitaratu dute, Alvaro Bermejo idazleak eta Joseba Urretabizkaia argazkilari eta editoreak, Anjel Arrospide, gizona eta bere aizkora izenburupean. Horren aitzakian, aizkolari bezala egindako ibilbidea errepasatu dugu leaburuarrarekin. Aizkoran maila handiena izan zen garaian, urte batzuetan onena izan zen Arrospide. Horren adibide, Euskal Herriko sei txapelketa irabazi zituela jarraian, 1990ekotik hasi eta 1995ekora arte.

Leaburun liburua aurkezterakoan, omenaldia jaso zenuen, baina ez zara horien zalea.

Ez, ez naiz horien zalea. Horrelakoak egiten direnean, begirada guztiak protagonistarentzat izaten dira, eta hori ez zait asko gustatzen. Bestalde, oso polita da omenaldiak jasotzea.

Zumarragan bizi zara gaur egun, baina zu aurkezterakoan beti leaburuarra zarela esan behar.

Bai, horrela da. Nongoa naizen galdetuta, leaburuarra naizela esaten dut, eta aurrerantzean horrela esaten jarraituko dut. Etxeberri baserrian jaiotakoa naiz, eta bertan egin nituen 29 urte inguru.

Herri kiroletan aizkorarekin hasi zinen?

Bai, aizkorarekin hasi nintzen, herriko festetan. Beti izan nuen harra aizkorarako, eta etxean aizkora onenak hartu eta txartuta uzten nituen azkenerako. Etxean segan eta aizkorarekin aritzen ginen, dozena bat urte izan eta gero. Uste dut gaurko gazteei falta zaien gauza bat dela, ez direla horretan ohitu, eta gero kasik modu artifizialean-edo aizkolari egin direla.

Jaunarenaren aurka egin zenuen lehen apustua, eta hura galdu egin zenuen.

Erakustaldiren bat egin eta herriko kuadrilla batek hartu zuen kapritxoa apustu bat prestatu behar genuela. Nik ilusioa nuen, nahiko gustura nenbilen, eta aurrera esan nien, baina zepoan harrapatu ninduen. Hamabi 60 ontzako ebaki genituen, eta marka onak egin genituen. Nik uste dut hasiberriak ginelako harrapatu zigula horrelako apustuak. Ez zen normala aurreneko plazan horrelako lan bat egitea eta horrelako kontrario batekin. Nik orduan 23 bat urte izango nituen.

Apustua eta gero dena uzteko gogoa ez zitzaizun sartu?

Beno, gero tarteka izaten dira gorabeherak, baina apustu horregatik ez. Gainera, esaten zidaten etorkizun handia izango nuela, animatu egiten zidaten, eta aurrera jarraitu genuen.

Orduan hasi zinen txapelketetan parte hartzen?

Urte hartan bertan, urrian, parte hartu nuen eta zazpi segundogatik ez nintzen sailkatu Australiara joateko. Mindegia eta Mendizabal izan ziren aurretik.

Orduan erreferentea Mindegia zen?

Bai guretzako, eta baita aurrekoentzat ere. Dozena bat urtez puntako aizkolaria izan zen. Besteon aldean ez zen handia, baina aizkolari-aizkolaria zen. Aizkolariak berezko ofizioa behar du, eta ez indarra bakarrik; hori ez duenak ezin du kirol batean nabarmendu.

Lehenengo Euskal Herriko Txapelketa zenbat urterekin irabazi zenuen?

34 urterekin, eta gero sei segidan irabazi nituen. Gainera lan onak eginda gaurkoen aldean. Bat ez beste guztietan 35 minutuetatik jaitsi ginen. Txapelketako marka ere hor dago, 29 minutu eta 57 segundokoa.

Zer gertatu zen marka hori egiteko?

Nik uste dut dena izan zela. Ni neroni oso ondo nengoen, materiala ere bai, eta aurkariek ez zidaten lasai joaten utzi. Maila handia zegoen. Bigarrena Olasagasti izan zen eta 31 minututan egin zuen.

Gogoan dut zazpigarren txapela ere ia jantzi zenuela.

Bai, azken egurrean erdia baino gutxiago falta zela erori egin nintzen. Ondo emanez gero, dozena erdi kolpetan bukatutakoa izango zen. Sentsazio onak nituen, baina ez nuen edan eta bero handia egiten zuen. Denak ibili ginen gaizki. Larretxeak irabazi zuen, baina egur bateko tartea ateratzen nion erori aurretik. Egun hartako ondorena ere hala-moduzkoa izan zen. Oxigenoa jarri zidaten, baina botila hutsa zegoen, eta ni protestaka, akabatu egingo nindutela esanez. Gero jarri zidaten beteta zegoena.

Mindegiaren erregetza moztu zenuen.

Bai, Mindegiari irabazi genion Euskal Herrikoa, eta hura gustura gelditu ez, eta desafioa bota zidan. Hamabi oinbikotara egin genuen apustua. Irabazi egin nuen, eta aurreko marka guztiak hautsi genituen orduan. Arriak zuen aurreko marka, Tolosako plazan egindakoa. Gogoan dut lehen oinbikoa bi minutu eta 35 segundotan bota nuela.

Hori sekulakoa da. Ez dakit egun norbait dagoen oinbiko bakarra ebakitzera joan eta denbora hori egingo duenik.

Bigarren oinbikoa Mindegiak bota zuen lehenago, sei minuturen azpitik, eta hirugarrena zortzi minutu eta erdira.

Orduan zeunden sasoi betean.

Bai, esango nuke 34 urtetik 40 urte bitarte horretan eman nuela nire mailarik onena. Gure garaian 30 urtetik gora ematen zuten aizkolariek maila onena. Nik uste dut ofizioko kirola delako izan daitekeela hori. Indarrez ere ez dira urte txarrenak. 27 edo 28 urterekin baino, uste dut adin horretan indar handiagoa izaten dela. Lanik onenak hor azaltzen dira eta zerbaitengatik izango da.

Zer ezaugarri zenituen?

Indarra eta teknika, bietatik behar izaten zen irabazteko. Nahiko esplosiboa nintzela esango nuke.

Txapelketako hasierak ikusgarriak izaten ziren.

Bai, guztiak ateratzen ginen bizi. Inor ez zen geratzen gerorako indarrak gordeta. Behin aurrera ateraz gero, ondoren zerbait erregulatzen zen, baina bitartean dena ematen genuen.

Aipatutakoaz aparte, apustu gehiago ere egin zenituen.

Etxebesterekin egin nuen aizkoran eta korrika. Aizkoran kendu genion tartea, baina gero bost edo sei buelta egin nituen, eta nahikoa egin nuen, lana bukatu gabe geratu nintzen. Gero Olasagastirekin bi egin nituen. Aurrenekoan nik irabazi nuen eta bestean berak. Apustuetan irabazitakoak izan ditut, baina galdutakoak ere bai.

Apustuko giroan edo txapelketakoan sentitzen zinen erosoago?

Dena lehia zen, eta behin lehian sartuz gero, txapelketa izan edo apustua izan... Apustuetan ondoan bi lagun izatea laguntza handia izaten zen. Nahiko urduria izan naiz, baina behin lanean hasterakoan, urduritasunak alde batera uzten genituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!