Baina, posible ote da joera hori iraultzea 2021ean egin berri diren kale neurketetan? Uemako herrietako ikastetxe gero eta gehiagok kezka handia erakutsi digute. Haurrek gaztelania gehiago egiten dutela, eta gero eta lehenago erabiltzen hasten direla esaten digute. Joera orokorra da, baita arnasguneetan ere. Hori dela eta, Uemako herrietan haurren erabilera eta horretan eragiten duten faktoreak aztertzen ari gara. Baina, kezka hor dago eta normalean sentsazioekin bat egiten dute gero estatistikek eta zenbakiek ere.
Udalerri euskaldunetako haur eta nerabeak ere bizi garen mundu honetako kide dira, gure eskualdeko haur euskaradunen profila ere aldatzen ari da, eta euren hizkuntza ohituretan faktore askok eragiten dute: ama-hizkuntzak, hizkuntza gaitasunak, input mediatikoak, kontsumo eskaintzak, pertsona eta talde erreferenteak…. Eta txikienen kasuan norbait erreferente bada hori gurasoa da. Hain zuzen ere, horregatik haurrean aurrean gurasoek euskarari heltzeko beharra eta deia.
Guztiok dakigu haurrek esaten dieguna baino ikusten dutena errepikatzen dutela, eta beraz, guraso euskaldunen kasuan euskararen transmisioa lehen pauso garrantzitsua bada ere, ez da nahikoa. Ez da nahikoa gure seme-alabei euskara erakustea, gero guk egunero euren aurrean beste gurasoekin gaztelaniaz egiten badugu, haurrekin kotxean goazenean musika gaztelaniaz jartzen badugu eta familian albistegiak gaztelaniaz ikusten baditugu.
Euskara transmititzea bezain garrantzitsua da euskararen balioa ere transmititzea. Euskaraz aditzeko eta aritzeko aukerak eman behar zaizkio haurrari.
Euskara transmititzea bezain garrantzitsua da euskararen balioa ere transmititzea. Euskaraz aditzeko eta aritzeko aukerak eman behar zaizkio haurrari. Euskarazko erreferenteak eskaini behar zaizkio. Gustuko duen hori euskaraz egin daitekeela ikusi behar du: euskaraz maitatu, abestu, haserretu, jolastu, jokatu, sortu… eta bere erreferente nagusi diren gurasoak ere euskaraz bizi direla ikusi behar du. Helduok euskarari tinko eutsita lortuko baitugu gure haurrek ere haurren zein helduen aurrean euskarari heltzea!