ELKARRIZKETA

«Txirrindularitzak gehiago eman dit kendu baino»

Imanol Garcia Landa 2021ko urr. 10a, 07:59
Jon Irisarrik txirrindularitza profesionala utzi du. I. GARCIA LANDA

Jon Irisarrik (Leaburu, 1995) txirrindulari izateari utzi dio, bost urtez Caja Rural-RGA talde profesionalean izan ondoren. Txirrindularitzarekin lotura izaten jarraitu nahi du, baina oraingoz errepideko bizikleta albo batera utziko du denbora batez.

Txirrindularitza uztea erabaki duzu. Zer dela-eta?

Erabaki zaila izan da, eta ez da momentu batekoa izan. Azkenean pixkana erabaki hori hartzeko nahia etorri zait. Jarraitzeko ilusioa galdu egin dut, eta txirrindularitza, beste kirol guztiak bezala, eta beste edozein lan bezala, ilusioarekin egin behar den zerbait da. Oso gogorra da, eta ilusioa behar da, eta nik hori galdu egin dut. Pixkana galtzen joan naiz, eta azkenik iritsi da une bat erabaki hau hartu behar izan dudala.

Beraz, luzez mamitzen joan den erabakia izan da.

Ez da erraz hartzeko erabaki bat, ondo pentsatu beharrekoa da, nire bizitza izan den zerbait da eta. Ez da urte honetako kontu bat, ezta aurrekoa ere. Urtetik urtera eboluzio bat izan dut; nire lana izan da, nire bizitza, eta urtero erabakiak hartzen joaten zara. Azkenik iritsi da une bat bukaera ematea erabaki dudala.

Bosgarren urtea bete duzu aurten profesional bezala, eta diozun moduan, ilusio hori pixkana itzaltzen joan da.

Bost urte bada denbora txirrindularitza profesionala zer den probatu ahal izateko. Nahiz eta oso gogotsu hasi nintzen, ilusio handiarekin, urtez urte ilusioa galtzen joan naiz. Bestalde, beste bizitza bat hasteko nahia ere hasi zait.

Caja Rural taldeak bazuen asmoa kontratua berritzeko?

Ni taldean oso gustura egon naiz bost urte hauetan, eta beraiek nirekin ere oso gustura zeunden. Kontratua berritu aurretik esan nien ez nuela jarraitu nahi. Beraiek erabakia ulertu dute. Jarraitu nahi izan banu, ez nuke arazorik izango. Beraien aldetik oso ondo portatu dira.

 

«Urtea aurrera joan den heinean, konturatuz joan nintzen ez nuela ilusio bera, eta ez nuela gogorik beti bezala jarraitzeko»

 

Nola bizitu duzu azken urte hau?

Denetariko momentuak izan dira. Momentu onak eta txarrak izan dira, denboraldi guztietan bezala. Hasiera batean ez nuen erabakita txirrindularitza uztea, eta urtero bezala hartu nuen, gogotsu eta ondo egiteko ilusioz. Urtea aurrera joan den heinean, konturatuz joan nintzen ez nuela ilusio bera, eta ez nuela gogorik beti bezala jarraitzeko. Bukaera bai izan dela berezia, beste urteekin alderatuta behintzat, utzi nahi nuela banekielako. Hasiera batean pentsatzen nuen denboraldia bukatuta hartuko nuela erabakiren bat, baina aurretik gertatu zen: oso garbi izan nuen zer nahi nuen, eta orduan taldeari jakinarazi nion ez nuela jarraituko.

Urteari errepasoa eginez, Euskal Herriko Itzulian parte hartu zenuen, adibidez.

Nik uste dut Euskal Herriko Itzulia denboraldiko momentu onenetakoa zela. Sekulako ilusioarekin iristen nintzen, etxeko lasterketa zen, niretzako urteko lasterketa garrantzitsuena, eta taldearentzat ere garrantzitsuenetakoa. Ez nuke esango beste urteetan baino bereziago bizitu nuenik, baina bai modu garrantzitsuan. Oso gogorra izaten da eta beti oso indartsu iritsi behar zara, ehuneko ehunean, lan on bat egiteko. World Tour mailako lasterketa bat da, World Tour taldeak daude, eta oso gogorra da. Niri denboraldiko sasoi puntu gorenetako bat hor izatea gustatzen zitzaidan, eta lan asko egin ondoren, gogoz eta bertan egoteko iristen nintzen. Momentu berezi bezala gogoratzen dut nire urte guztietan.

Taldearen beste hitzordu garrantzitsuan, Espainiako Vueltan, ez zinen egon.

Aurre-hautaketa batean egon nintzen Espainiako Vueltan parte hartzeko. Oraindik ez nion taldeari esan; erabakia guztiz hartu gabe nuen, baina ordurako uztearena pixka bat pentsatuta baneukan. Baina denboraldiari bukaera on bat eman nahi nion eta ikusi Espainiako Vueltan nola sentitzen nintzen. Taldeak esan zidanean ez nintzela joango, pena eman zidan alde batetik horregatik. Urtero borrokatu nuen hor egoteko, taldeko guztiek nahi dute hor egon, eta ez da erraza gu bezalako talde batean Espainiako Vueltara joatea. Oso gogorra izaten da hautaketa eta lasterketa guztietan erakutsi behar duzu hor egon zaitezkeela, eta pena dezentekoa hartu nuen. Uste dut nire ibilbideari amaiera ona emango niola lasterketa hori eginik, baina oso zaila da bertan egotea, eta nahiz eta asko prestatu, ez ninduen taldeak aukeratu eta beste era batera bukatu nuen urtea.

 

"Gaur egun lasterketa guztietan ihesaldia egitea ikaragarri kostatzen da, mundu guztiak ihesaldian sartu nahi du"

 

Zer eman dizu txirrindularitzak?

Gauza asko eman dizkit. Nire bizitza izan da, ez bost urte hauetan bakarrik, baizik hamahiru urtetan. Infantil bigarren urtekoa nintzela hasi nintzen txirrindularitzan. Esan daiteke jubeniletatik aurrera nire bizitza ehuneko ehun txirrindularitza izan dela. Lana egiteko pertseberantzia eman dit, helburu baten aurrean lan asko egin behar izan dut beti, eta beti ez dira gauzak atera. Badakit galtzen ere, beraz. Lagun asko ere eman dizkit. Egia esan bizitzan orain ditudan gauza asko txirrindularitzagatik izan dira. Oso pozik nago eta harro, momentu honetan ni naizena eman dit, eta uste dut etorkizunera begira erabili ahalko ditudan gauza asko jorratu ditudala.

Eta zer kendu dizu?

Kirolari profesionala zarenean ehuneko ehunean dedikatu behar zara zure kirolari. Nik ezin izan dut lagunekin denbora asko pasa, edo familiarekin oporretara joan. Ez ditut asteburuak libre izan, eta ezta beste gauza mordo bat ere. Urte askotan izan naiz pertsona bat ezin izan dituena beste askok egin izan dituztenak egin. Baina beste bizitza bat eman dit, eta uste dut gehiago eman didala kendu baino.

Momentu on bat nabarmenduko zenuke?

Egia esan momentu onena, bereziena edo politena izan zen profesionaletara igotzeko aukera izan nuenean. Urte asko neramatzan txirrindularitzara dedikatzen amets horren bila, eta amets hori iritsi zenean niretzat oso berezia izan zen.

Eta momentu txar bat?

Urte bat oso txarra izan nuen, eroriko asko izan nituen. Eroriko batean saihets asko hautsi nituen, sei edo zazpi, ospitalean egon nintzen eta ebakuntza egin behar izan zidaten, eta hori oso momentu txarra izan zen. Momentu horrek ere erabaki honetara ekarri ninduen. Txirrindularitza nahiko kirol arriskutsua da eta horrelako momentu txar asko bizi izaten dira.

Jon Irisarri, erdian, aurtengo Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapako ihesaldian. CAJA RURAL-RGA.

Nolakoa da txirrindulari profesionalaren bizitza?

Txirrindulari profesionala izateko ehuneko ehunean txirrindularitzari dedikatu behar zara. Ezin duzu ezer egin txirrindularitzarako txarra dena. Denboraldian gaudenean ezin izaten dugu, adibidez, lagunekin padel jokatzera joan, ez lesionatzeko. Edo neska-lagunarekin hondartzara joan. Hondartzara joatea txarra da, bertan eguzkia hartzen egonez edota hondarrean ibiliz nekatu egiten zarelako hurrengo eguneko entrenamendurako. Txirrindularitzan gakoa da egunero gauzak ondo egitea, eta gauza txiki asko ondo egiten dituzunean orduan helburuak lortzeko aukera duzu.

Nola izaten zen zure ohiko egun bat?

Normalean goizean entrenatu, arratsaldean ikasi edo zaindu, atseden hartu, eta nire neska-lagunarekin, familiarekin eta lagunekin egon. Oso bizitza lasaia izaten zen, hori bai, gauza askori uko eginez. Normalean hilero bi egun-edo izaten nituen bizikletarik gabekoak, eta beste egun guztietan entrenamendua izaten nuen, gogorragoa edo lasaiagoa, baina bete beharrekoa. Eta horren arabera ere nutrizionistak esaten zigun nola elikatu. Ni ez naiz izan nutrizioa muturrera eraman duena. Nahiko lasai egiten nituen gauzak, asko zainduz, baina lasai. Lehen bi urteetan gehiegi zaindu nintzen, eta kiloak galdu nituen. Hor ikasi nuen ez zela ez gehiegi ez gutxiegi zaindu behar.

 

«[Zaleen animoak] Ez dago deskribatzerik zer berezia den. Zortea izan dut horrelako gauza bat bizi izan dudalako»

 

Lasterketei begira jarriz, etapak ere denetatik izango ziren, hau da, batzuk oso lehiatuak eta biziak. Beste batzuk, aspergarriagoak.

Txirrindularitza asko garatu da azken urteetan, eta asko bizitu dut garapen hori. Orain txirrindularitza modernoa deitzen zaio. Askoz lehiakorragoa den kirol bat bihurtzen ari da. Lehen ihesaldi bat egiten zen eta gero esprinterrak zituzten taldeak mugitzen ziren ihesaldia bertan behera uzteko. Gaur egun lasterketa guztietan ihesaldia egitea ikaragarri kostatzen da, mundu guztiak ihesaldian sartu nahi du, mendia irabazi, tarteko helmuga irabazi, edozein sari ona da talde batentzat. Txirrindulariak bere taldearen izena erakutsi behar du eta edozein sari ona izaten da. Horrek ere lasterketak are gogorrago izatea bihurtzen zuen, eta gero eta gehiago ikusten zen zein zegoen ondo eta zein gaizki. Kanpotik ematen du lasai goazela, baina barruan borroka asko izaten da aurrean egoteko, eta egun guztian tentsio batean egon behar zara.

Txirrindulari ohi leaburuarra, aurtengo denboraldiaren hasieran. CAJA RURAL-RGA

Beraz, aspertzeko aukerarik ez.

Etapa bat edo beste izaten zen, baina nire oroitzapena da nire lehenengo urteetan lasterketa aspergarri gehiago izaten zirela.

Beste aldaketa bat ere izan daiteke, egun dena neurtuago dagoela, taldeek txirrindularien datu asko erabiltzen dituztela?

Bai, geroz eta datu gehiago daude, eta aplikazio gehiago daude zuzendariak erabiltzeko. Aplikazioak daude esaten dizutenak lasterketan bertan haizeak nondik joko duen, desnibela nolakoa izango den, zer errepide mota izango duzun,... Nik uste dut horrek ekartzen duela gero eta lehiakorragoa izatea. Lehen Sky zenak eta orain Ineos denak, beti erabili izan du azken teknologia, eta orain beste talde asko ari dira teknologia hori erabiltzen. Talde bat duzunean eta ez duzunean irabazle bat, zerbait erakutsi behar duzu eta saiatu behintzat. Bestalde, ikusten da zenbat txirrindulari gazte dauden gaur egun, jubeniletatik profesionaletara pasa direnak. Eta horrek ere ekartzen du txirrindularitza lehiakorragoa izatea, gaztea zarenean gose gehiago duzulako. Asko aldatu da azken bi-hiru urtetan, eta gehiago aldatuko da.

Txirrindularitzaren gogortasuna aipatu duzu lehen. Nola azalduko zenuke gogortasun hori?

Batetik, hemen ditugun neguak kontuan izan behar dira. Astean 20-25 orduko entrenamenduak bete behar izaten dira, bai edo bai. Nahiz eta urte hasieran gimnasio pixka bat sartu, entrenatu beharra dugu, eta eguraldi txarra badago ere lasterketan atera behar dugu. Ia egunero entrenatu behar izaten da, ez daude asteburu libreak. Horrez gain, denbora asko etxetik kanpo pasa behar dugu eta gero lasterketak sufrimendu askokoak izaten dira. Lehiakorragoak izanik, lasterketak gogorragoak egiten dira. Kirol asko daude gogorrak direnak, baina txirrindularitza ere oso gogorra da.

Nire kasuan eroriko dezente izan ditut, eta horrek gogortasun maila igo egiten du. Uste dut bi txirrindulari mota daudela. Batzuk dira beldurrik ez dutenak, eta besteak beldurra izan dugunak. Niri askotan galdetu izan didate zergatik ez nintzen esprintetan sartzen, berez azkarra nintzelako. Nik beldurra neukan, eta tropelean esprintera zoazenean eta beldur hori duzunean, ez zara sartzen. Batzuk ez dute beldurrik erortzeko, baina zuk beldur hori baduzu frenatu egiten duzu eta ez zara sartuko. Nik ikusi nuen hori gertatzen zitzaidala. Taldeak baino, zuk zeure buruari sartzen diozun presio horrek asko egiten du.

Taldeka zenbait sari irabazten dira, baina batez ere sariak indibidualak izaten dira. Halere, talde lana garrantzitsua izaten da, ezta?

Txirrindularitza egin ez duen batentzat oso zaila da ikustea zer garrantzitsua den talde lana. Txirrindulari batek irabaz dezake, baina askoz zailagoa du ez badu talde on bat izaten. Oso txirrindulari ona bazara, baina asko kostatzen bazaizu mendate batean ondo kokatuta hastea, talde bat oso aurrera eramango zaituena izan dezakezu, eta horrela ez duzu asko arriskatuko. Talde lana oso garrantzitsua da txirrindularitzan, eta talde on bat baduzu asko laguntzen du. Taldean asko baloratzen da talde lana egiten duena, eta gero beti ematen zaizkio bere aukerak. Eta gainera lider on bat baduzu eta konfiantza baduzu lider horretan eta zurekin ondo eramaten bada, gozamena da berarentzako lanean egotea. Zure lana ondo egiten baduzu, zuk zure satisfazioa eramaten duzu, eta taldea oso pozik dago zurekin, eta lider horrek zerbait lortzen badu, zer esanik ez.

Zuri gehiagotan tokatu zaizu talde lana egitea, lider izatea baino.

Bai, nik beti izan dut taldean norbait ni baino hobeto ibili izan dena. Askotan tokatzen zitzaidan berari laguntzea, eta gustura egiten nuen zerbait izaten zen. Badakizu askotan ezin duzula postu on bat lortu eta badakizu zerbait ona egin dezakezula, hau da, taldekidearentzako lana egitea. Eta gu giro oso ona izan dugu, eta zure laguna den batentzat lana egitea gustu bat da.

Zaleek ere bere garrantzia dute. Gertutasun handia izaten da zaleekin, batez ere mendateetan.

Euskal Herriko Itzulia batez ere zaleengatik gogoratuko dudan lasterketa bat izango da. Etxean parte hartzen nuen, eta nire neska, nire familia eta lagunak zeuden ikusten; baina karreran sufritzen zoazen momentu horretan eta zure izena builaka esaten ari direnean, errepidearen ertzak jendez beteta, nahiz eta sufritzen joan, sufrimendu on bat bihurtzen da. Ez dago deskribatzerik zer berezia den. Zortea izan dut horrelako gauza bat bizi izan dudalako. 

Kuadrillakoak pankarta eta guzti ibiltzen ziren, bi ezizen erabiliz, Mou eta Leaburuko Purito. Nondik datoz?

Kuadrillan betidanik Mou deitu izan didate, txikitatik egia esan, eta nire kuadrillako ezizena da. Leaburuko Puritori dagokionez, lehen bazen txirrindulari bat Purito ezizena zuena. Niri asko gustatzen zitzaidan, eta kuadrillakoek beraren izena jarri zidaten.

Unai Iribar ibartarra datorren urtean profesional bezala ariko da. Aholkuren bat berarentzako?

Emango niokeen aholku garrantzitsuena bere lekua bilatzen saiatzea izango litzateke. Gauza guztietan bezala, taldean zure lekua bilatzen jakin behar duzu. Ni esprinterra banaiz, hori bultzatzen saiatu behar naiz, eta ez eskalatzailea izaten. Nire azkeneko bi urteetan konturatu nintzen, nahiko azkarra izanik, ona nintzela ihesaldiak harrapatzen. Eta hori entrenatzen saiatu nintzen eta asko hobeto nuen, eta gero gozatu egiten nuen hori ondo egiten. Beraz, hori esango nioke, bera ona den hori bultzatzeko, eta bere lekua bilatzeko tropelean. Hobe da gauza bat ondo egitea, asko erdipurdi baino.

Dagoeneko guztiz utzita duzu txirrindularitza, edo probaren bat falta zaizu?

Orain dela hilabete bat bukatu nuen. Goierri eskolan hasi behar nuen ikasten, goi mailako ikasketa bat ikasten hasi naiz, eta goizago bukatu nuen denboraldia.

Beraz, egunerokotasuna aldatu zaizu guztiz.

Bai, aspaldidanik nahi nuen goi mailako bat ikasi Goierrin, eta ikusi nuen hau zela momentua. Hartu egin ninduten, eta oso gustura nabil bertan ikasten. Horrez gain, nire osabak-eta sagarrondoak dituzte, eta arratsaldetan beraiei laguntzera joaten naiz. Nire neska-lagunarekin zinemara joateko, lagunekin padelean jokatzeko,... lehen egin ezin nituen mila gauza egiteko aprobetxatzen dut. Usabal kiroldegian eta Laskorain Ikastolan praktikak egiten hasi naiz ere: kiroleko goi maila ikasita dut eta praktikak egitea geratzen zitzaidan. Egia esan, bizitza nahiko okupatuta daukat, lehen egin ezin izaten nituen gauzak eginez.

Sare sozialetan kafearekiko afizio handia duzula erakutsi duzu. Etorkizunean lanbidea alor horretara bideratuko duzu?

Ez, kafea nire hobbya da. Ikastaroak egin izan ditut, barista bezala ikasteko, eta egia esan asko gustatzen zaidan gauza bat da. Txirrindularitzan asko lagundu izan didan hobby bat izan da. Txirrindularia nintzenean kafeari denbora dedikatu ahal izaten nion eta asko disfrutatzen nuen egunerokotasunean. Orain ezin dut jarraitu ikastaroak egiten, baina beti jarraituko dut kafearen munduari lotuta. Ez dut uste horretara dedikatu naizenik, oraingoz behintzat. Nahiago dut hobby bezala jarraitzea, eta daukadan harreman hori ez galtzea lana bilakatu gabe.

Zer lotura izango duzu txirrindularitzarekin hemendik aurrera?

Lanbide bezala, behintzat, orain ez dut ezer buruan. Fabrikazio mekanizatua ikasten ari naiz, hori gustatzen zait, eta bertara dedikatzen irudikatzen dut neure burua. Txirrindularitzari dagokionez, bai gustatuko litzaidakeela Oria Txirrindulari Eskolari laguntzea. Beraiek izan dira lehenengo urteetan lagundu nindutenak. Eta Caja Rural taldearekin lasterketa batzuk zuzendari bezala egin ahal izango banitu afizionatu mailan, gustura ariko nintzateke. Txirrindularitza beti gustatuko zaidan zerbait izango da, eta beti nahiko dut loturaren bat izan. Nire lehengusua ere txirrindularia da, kadetea da orain, eta berarekin lasterketetara joanez ere jarraituko dut mundu horretan.

Eta orain nola begiratzen diozu bizikletari?

Une honetan ez naiz bizikletan ibiltzen, eta oraingoz ez dut asmorik ibiltzeko. Hemendik pare bat hilabetera atera nahi badut bizikletarekin, aterako naiz, baina gogo hori izan nahi dut ateratzeko. Urte asko pasa ditut bizikleta gainean, ez dakit guztira zenbat kilometro izango ziren, baina asko direla seguru, eta orain nahiago dut beste kirol batzuetan ibili bizikletan baino. Badakit gogoa etorriko zaidala bizikletan ibiltzeko, eta aterako naizela, baina orain horretaz pixka bat ahazteko gogoa dut. Bestalde, mendiko bizikleta gustatzen zait, eta gehiago aterako naiz errepidekoan baino. Errepidekoarekin atseden luze bat hartu nahi dut.

 

MOTZEAN

Txirrindularia?

Mark Cavendish.

Txirrindulari ohia?

Miguel Indurain.

Egun bateko proba?

Nik parte hartutakoa, Donostiako Klasikoa. Parte hartu nahi baina ez dudana lortu, Milan-San Remo.

Itzulia?

Euskal Herriko Itzulia. Egin nahi izango nukeena, Frantziako Tourra.

Mendatea?

Andazarrate, askotan igo dut.

Bizikletan ibiltzeko herrialdea?

Euskal Herria, etxea delako. Beste bat, Portugal, beti gustatu izan zait bertara joatea. 

Zaleak?

Euskal zaleak, noski. Beste bat esatea zailagoa da, baina bat esatekotan, Frantziakoa esango nuke, han asko jarraitzen da txirrindularitza.

Entrenatzeko ibilbidea?

Kostako buelta deitzen dioguna. Nire Instagramen sartuz gero, bideo bat badut, nire gustuko ibilbidea jartzen duena. Getariatik pasatzen da, ikaragarri gustatzen zaidan herria, eta Zarauztik ere bai. Eta gero, Berastegira joaten naizena, hori ere asko gustatzen zait. 

Entrenatzeko musikarik erabiltzen zenuen? Zein?

Ez dago baimenduta, baina nik jartzen nituen, eta multa batzuk jaso ere bai. Baina tarteka egin beharra zegoen, luzeegiak ziren entrenamenduetan. Eta musikari dagokionez, barietate handia entzuten dut. Bat aukeratzekotan Ska-P izango zen. 

Arrabola esan eta zer datorkizu burura?

Uste dut txirrindulari guztiei burura etortzen zaiena, konfinamendua. Uste dut ez dudala berriro erabiliko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!