Jubilatuei omenaldia egin diete Leaburun

Leyre Carrasco 2021eko ekainaren 27a

Aurtengo San Pedro jaietan dantza, musika, bertso, txiste eta hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan dute herriko frontoian

Pandemiaren eraginez, iaz Leaburu-Txaramako San Pedro jaiak bertan behera geratu behar izan ziren. Aurten "ohiko" festak ez ospatu arren, "ekintza puntualak" antolatzea erabaki dutela adierazi du Leaburu-Txaramako zinegotzia Elixabet Eizagirrek. "Atzo haur eta gazteen ekintzak izan genituen herrian, eta gaur jubilatuen txanda izan da", gehitu du. Gauzak honela, gaur goizean jubilatuak omendu dituzte frontoian.

Herriko 11 gaztetxoek osatutako dantza taldearen agurrarekin eman diote hasiera ekitaldiari. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek eman diete ongietorria ondoren. Tripa betetzeko hamaiketakoa izan dute tartean, eta horren ostean, ordubeteko bertso saioa eta txiste kontalariaz gozatzeko aukera ere.

"Pandemia garaian, gehiengoek etxetik ateratzeko aukera izan dugu, erosketak egitera edo lana dela eta. Jubilatuek, ordea, ez dute aukera hori izan eta etxean sartuta egon behar izan dira denbora luzez", kontatu du Eizagirrek. Era horretan, konfinamenduan zehar egin duten esfortzua omendu eta eskertu nahi izan dutela adierazi du: "Horregatik eskaini nahi izan diegu gaurko egun berezia".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!