Lau etxebizitza tasatu eraikitzeko proiektua prestatzen hasiko dira

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 8a, 11:59

Leaburu-Txaramako Udalak martxoko osoko bilkuran onartu zuen 451.429 euroko aurrekontua; inbertsioetarako partidan murrizketak egin behar izan dituzte.

Martxoan egindako osoko bilkuran onartu zuen Leaburu-Txaramako Udalak 2021eko aurrekontua. Aurten, 451.429 euroko poltsa izango dute urtean zehar gastatzeko. Iaztik jaitsiera izan duela esan du Joxe Ramon Eizagirre alkateak, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duten zenbatekoan ere jaitsiera izan dute. "Gurea bezalako udalek egiten dituzten aurrekontuetan foru funtsaren menpekotasuna handia da", dio.

Gastu orokorrak mantentzearen aldeko apustua egin du udalak, eta egin beharreko murrizketak inbertsioen atalean egin dituzte. Eizagirrek esan duenez, herriaren mantenua, gizarte zerbitzuak, kultura eskaintza eta beste hainbat atal bermatu egin nahi izan dituzte.

Inbertsioetarako, orotara, 41.811 euro bideratuko dituzte, baina soberakinaren arabera jokatuko dute, eta urtean zehar kreditu aldaketa batzuk onartuko dituzte hainbat proiektu egin ahal izateko.

Inbertsio berriak

Etxebizitza proiektu bat du eskuartean Leaburu-Txaramako Udalak: elizaren atzean dagoen lursail batean, etxebizitza tasatuak eraikitzeko proiektua, alegia. Aurten, lan teknikoak egin nahi dituztela azaldu du alkateak, "aurrerago eraiki ahal izateko". Bi eraikin egitea da asmoa, bakoitza bina etxebizitzarekin; guztira, hortaz, lau etxebizitza eraikiko dituzte.

Bere garaian herri inkesta bat egin zuten, eskaririk bazegoen ikusi eta interesa zutenek zein motatako etxeak nahi zituzten jakiteko. Horri tiraka hasi dira marrazten proiektua. Izan ere, etxebizitzak eraikitzeko beste lursail bat ere badu jabetzan udalak; kasu honetan, ordea, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lursaila da eta aurreragorako utzi nahi dute aukera hori: "Inkesta bete zuen jendeak nahiago zuen pisu batean bizi baino etxe inguruan jardin edo lursail txiki bat zuen etxebizitza izatea, hortaz, eskaera hori kontuan hartu dugu eta horregatik erabaki dugu etxebizitza tasatuak egitea".

Horrez gain, larrialdirako etxebizitza bat prestatu dute behar gehien duten herritarrentzat udaletxeko eraikinean. Ia erabiltzeko prest dute gainera. "Altzairu batzuk baino ez dira falta, laster izango da erabiltzeko aukera", azaldu du Eizagirrek. Udaletxeko azken solairuan kokatu dute etxebizitza eta orain igogailu bat jarriko dute, irisgarria izan dadin. Horretarako, kreditu aldaketa bat egingo dute, eta aurten administrazio kontuak eginda, datorren urte hasieran obrarekin hasteko moduan izango direla uste du alkateak. Udaletxearen barrualdetik jarriko dute igogailua, eta lehen solairuan, pleno gelari ertz batean zatia kenduko diote igogailua bertatik pasa ahal izateko.

Larrialdiko etxebizitzari dagokionean, gizarte zerbitzuetan eskaintzen den zerbitzuaren parte izango da. Sukaldea eta egongela, komun bat eta bi logela ditu, guztira bost oherekin. Alkateak zehaztu du gizarte langilea arduratuko dela etxebizitzaren kudeaketaz.

Udalaren jabetzakoak diren lurren inbentarioekin ere jarraitzeko asmoa dute, eta aurten amaitu nahi dute guztia. Duela bi urte hiri-lurren inbentarioa egin zuten, datorren plenoan onartuko dute hiri-bideen inbentarioa eta aurten hasiko dira landa-lurren inbentarioa egiten. "Horrela, udalaren jabetzakoak diren lurrak zeintzuk diren eta zeintzuk ez zehaztuta geratuko da eta zalantzak errazago argitu ahal izango ditugu".

Beste diru partida bat Ostatuaren mantenurako bideratzen dute urtero. "Dagoeneko urte batzuk ditu eta mantentzeko lanak egin behar izaten ditugu nahiko maiz". Iaz, esaterako, barrutik margotu zuten, eta aurten, teilatuan konponketa batzuk egingo dituzte. Mantentze lan horiez gain, herri bideak konpontzen ere jarraituko dute, "Aldundiko laguntzen arabera". Duela gutxi, udaletxe atzeko aparkalekuaren alboan dagoen haur parkea berritu dute, eta oraindik lekua soberan dagoenez, helduentzako makinak jarriko dituzte kirol mugimenduak egin ahal izateko.

Txaramara begira

Duela pare bat urte, Txarama auzoa biziberritzeko batzorde bat sortu zuten Txaramako auzotarrek. Egin zitezkeen hobekuntzak kontuan hartuta, proposamen zerrenda bat aurkeztu zuten udalean, eta horiek kontuan hartuta, plan bat osatu dute auzorako. Iaz zuten aurkeztekoa auzotarren aurrean, baina pandemiak eragotzi egin die, eta aukera dagoenean aurkeztuko diete.

Bien bitartean, gaia lantzen ari dira, eta pixkana ingurua hobetzeko lanak egiten hasi nahi dutela zehaztu du Leaburu-Txaramako alkateak. Auzoari erdi-erditik pasatzen zaio nola errepidea hala erreka, eta hori dela eta, Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako Urak-ekin hitz egin behar dute. "Oso baldintzatuta gaude", dio kezkatuta Joxe Ramon Eizagirrek. Momentuz, paperean plan guztia jasota dute, eta asmoa "gutxika egiten joatea" da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!