Jon Irisarrik Itzulian parte hartuko du

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 31a, 07:58
Jon Irisarri, aurtengo denboraldian. CAJA RURAL-RGA

Datorren astelehenean hasiko da txirrindulari proba, eta laugarren etapan eskualdetik igaroko da tropela.

Caja Rural-RGA taldeko Jon Irisarri txirrindulari leaburuarrak Itzulia proban parte hartuko du. Astelehenean hasiko da World Tour mailako proba, eta laugarren etapa, apirilaren 8koa, eskualdetik igaroko da. Gogoz dago Irisarri proban parte hartzeko: «Gure lasterketa da, etxekoa, eta beti izaten da ilusioa eta gogoa parte hartzeko. Are gehiago, aurtengo urtea ikusita, ez baititugu asko eta dauzkagunak ondo aprobetxatu behar ditugu».

Espainiako Vueltarekin batera, Itzulia da taldearentzat proba garrantzitsuena. «Beti nahi izaten dugu ondo aritu, baina badakigu beste lasterketetan baino maila handiagoa dagoela, World Tour mailakoa delako, eta zaila da aurrean egotea. Gure taldeak beti eskatzen digu aurpegia ematea, ikustea taldea lasterketan dagoela, eta ihesaldietan sartzea», esan du Irisarrik. Bere aukerak ere ihesaldietan sartzetik iritsiko direla esan du.

Hain justu, Irisarriri gustatuko litzaioke eskualdetik pasatzen den etapan ihes eginda joatea. Gasteizen hasi eta Hondarribian bukatuko da, eta tropela eskualdera Ikaztegietatik sartuko da, Alegia pasa, Altzora igo, Txaramatik barrena Tolosari iritsi, ondoren Anoetara joan eta Alkiza igotzeko. Azkenik, Zizurkil eta Adunatik pasa ondoren, eskualdetik aterako dira txirrindulariak. «Niretzako oso berezia da etxe ondotik pasatzea», esan du Irisarrik. «Orain dela lau urte pasa ginen hemendik eta oso berezia izan zen. Nire familiakoak ikustea errepide ondoan pozgarria da. Saiatuko naiz, noski, egun horretan ihesaldia harrapatzen. Donostiako Klasikoan, orain bi urte, ihesaldian sartzea lortu nuen eta hemendik pasa ginen, eta izugarria izan zen. Horrelako etapak aprobetxatuko ditugu aurpegia eman, gu aurrean ikusteko, eta konfiantza pixka bat hartzeko».

Denboraldiari dagokionez, oraingoz lasterketa asko atzeratu egin dira. «Ematen zuen normal hasiko ginela, baina gero probak atzeratzen hasi ziren, eta oraingoz nahiko lasaia izan dugu», esan du Irisarrik. «Ematen du pixkana normalitatea bueltatzen ari dela, lasterketak hastear daudela dirudi, eta atzeratutakoak orain egingo dira. Beraz, hemendik aurrera egutegi ona izango dugu». Orain arte lau klasikotan parte hartu du leaburuarrak, bat Espainian eta beste hirurak Frantzian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!