Koronabirusa

Leaburu-Txaraman maskarak eta gomendio zerrenda banatu dituzte etxez etxe

Ataria 2020ko maiatzaren 8a

Momentuz, frontoia eta parkea itxita mantenduko dituzte, jende pilaketak saihesteko. Eta udaleko zuzeneko arreta zerbitzua ere telematikoki eskaintzen jarraituko dute.

Udal langileak etxez etxe ibili dira maskarak banatzen. Maskarekin batera, gomendioak gogorarazteko informazio orriak ere banatu dituzte. Joxe Ramon Eizagirre alkateak azaldu duenez, erroldari begira egin dute maskaren erosketa, eta haurrentzak egokitutako maskarak merkatuan ez dituztenez aurkitu, begiratzen jarraituko dutela esan du, eta lortzen dituztenean banatuko dituztela. 

Udala, 0 fasearekin batera, herriko txokoak desinfekatatzen hasi da. Besteak beste, autobus geltokia, eta plaza ingurua desinfektatu dituztela esan du Eizagirrek. Era berean, frontoiak eta parkeak itxita jarraitzea erabaki dute: "Nahiz eta legeak esan ireki daitezkeela, guk segurtasunez jokatu nahi dugu eta gauzak hobeto ikusi arte, erabaki egokiena dela uste dugu".

Bide batez, gogorarazi du udaleko zuzeneko arreta zerbitzua telematikoki eskaintzen jarraituko dutela eta 943675931 zenbakira deituta edota udala@leaburutxarama.eus helbidera idatzita jar daitekeela harremanetan udalarekin.

Herritarrei zaintzeko deia luzatu nahi die alkateak, eta neurriak denok hartzea: "Orain derrigorrezkoak diren arren, gerora ere ohitura gisara epe luze batean mantentzea beharrezkoa ikusten dugu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!