Koronabirusa

Askatasun sentsazioa

Imanol Garcia Landa 2020ko mai. 4a, 20:59

Jon Irisarri, gaur, Leaburun, bere lehen entrenamendua bukatu eta gero.

Kirolariei aukera zabaldu zaie entrenamenduak etxetik kanpo egiteko. Profesionalek aukera gehiago dituzte; horietako bat da Jon Irisarri txirrindularia.

Konfinamendua arintzeko neurrien artean kirolari profesionalei eta federatuei dagozkienak jarri dira martxan gaurtik. Federatuek, hau da, lizentzia profesionalik ez dutenek, lehen fase honetan egunean bi aldiz atera daitezke aire librean ariketa fisikoa egitera, 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara bitartean, eta udalerriko mugen barruan. Kirolari profesionalek neurri malguagoak dituzte; adibidez, udalerritik kanpo atera ahal dira.

Jon Irisarri leaburuarra Caja Rural txirrindulari taldekoa da. Gaur egin ahal izan du bere lehen entrenamendua bizikleta gainean, azpian arrabola izan beharrean errepidea zuela. «Egia esan, sentsazio arraroa da. 14 urtetatik nabil txirrindularitzan, eta iruditzen zait ez naizela behin ere hainbeste denbora egon errepidera atera gabe», azaldu dio Irisarrik ATARIA-ri, entrenamenduan etenaldi bat eginez. «Atera ahal izatea eta lasaitasuna izatea nahi dudan errepideetatik ibiltzeko... momentu honetan pribilegiatua sentitzen naiz».

Askatasun sentsazioa ere nabaritu du leaburuarrak: «Antzekotasuna izan behar du, noski, bere ezberdintasunekin, espetxe batetik ateratzearekin. Orain dela bi hilabete ikusi gabeko lekuak ikusten ari naiz, eta sentsazioa oso berezia da». Leaburutik bi hilabetetan ez dela atera azaldu du, eta Tolosara jaistea dagoeneko oso arraroa egin zaio entrenamendua egitera abiatu denean.

Igandera arte zalantzak izan zituzten bere taldean, entrenatzera atera ahalko zuten ala ez. Hasiera batean txirrindularien zerrenda bat atera zen, entrenamenduak egiteko aukera emanez, eta Irisarri ez zegoen zerrenda horretan, ezta bere taldeko asko ere. «Gero komunikatu bat atera zen azalduz profesional guztiek atera ahalko genuela, eta lasaitua hartu genuen», esan du leaburuarrak. Hori bai, entrenamendua egiterako dokumentuak eraman ditu: mugikorrean lizentzia profesionalaren kopia, nortasun agiria eta orri batean BOEaren testua txirrindulari profesionalek atera ahal dutela azalduz.

Behin errepidera aterata, helburua iraupena berreskuratzea dela azaldu du Irisarrik. «Erritmo lasai batean ordu dezente egitea da aste honetarako helburua». Probintziaren muga ezarri du Espainiako Gobernuak kirolari profesionalentzat entrenamenduak egiteko. «Zorionez, nire itzuli faboritoa Gipuzkoatik atera gabe da. Asteasura joan naiz, Andazarrate igo dut eta handik Oriora jaitsi. Hortik kanpinetatik Zarautzera eta handik Getariara. Gero Garate mendatea igo dut: sekulako ikuspegiak ditu eta gehien gustatzen zaidan mendatea izango da. Ondoren, Meagas igo, Azpeitia aldera joan, hortik Errezilera, eta bukatzeko, etxera itzuli aurretik Berastegira joaten saiatuko naiz, asko gustatzen baitzait bertaraino igotzea».

Egutegiari dagokionez, orain gutxi jakin da ez dela aurten Euskal Herriko Itzulia egingo, eta ezta Donostiako Klasikoa ere. Caja Rural taldearentzat kolpe handia dela hori jakitea azaldu du Irisarrik: «Pena da, niri gehien gustatzen zaidan lasterketak dira. Gure taldearentzat eragin handia du, etxeko lasterketak direlako eta guretzat garrantzitsuak. Espero dut lehenbailehen lasterketak martxan jartzea, bertan behera asko geldituz gero, orokorrean txirrindularitzarentzako kolpe handia izango delako». Ez dute informaziorik egingo diren lasterketen inguruan, baina Irisarrik uste du hiru proba handiak, hau da, Tourra, Giroa eta Vuelta, «salbatzen» saiatuko direla. «Gure aldetik egin dezakeguna da ahal den ondoen entrenatu, lasterketak egiten direnerako prest egoteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!