"Urte garrantzitsua izango da; bai edo bai aurrerapauso bat eman beharrean nago"

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 13a, 19:58

Iaz, denbora gehiago igaro zuen errepidetatik kanpo, bizikleta gainean baino. Arantza hori atera nahian, taldearentzat lanean aritzetik, beste urrats bat ematera pasa nahi du aurten.

Saudi Arabiatik etxerako bidaia egin zuen, asteburuan, Jon Irisarri Ricon (Leaburu, 1995) txirrindulariak. «Nekatuta» heldu da petrolioaren eta meskita sakratuen lurraldetik. Aurtengoa, laugarren urtea izango du Caja Rural Seguros RGA taldean. Urte hasieran sinatu zuen urtebeterako kontratu berria. Lesioak ahaztu, eta ilusio handiarekin burutu nahi du 2020 urtea.

Nolako urteak izan ziren profesionaletako lehen hirurak?

Ikasteko urteak izan dira. Taldekideei laguntzen aritu izan naiz. Iaz, baina, jauzi bat eman nahi nuen. Ilusioz hasi nintzen, oso indartsu. Hala ere, urte txarra izan zen, desastre hutsa. Denboraldi hasieran eroriko bat izan nuen, eta ordutik aurrera erritmoa hartu ezinik aritu nintzen. Urte txar bat edukitzea zer den ikasi nuen behintzat. Aurten, beraz, jauzi hori ematea espero dut.

Laugarren urteari ekiteko, Saudi Arabiako Itzulian parte hartu zenuen, pasa den astean. Zer moduz aritu zinen?

Itzuli hau egiten zen lehen urtea zen, beraz, ezezaguna zen guztiontzat. Esperientzia berria izan da, oso polita, bestelako kultura eta bizimodu bat ezagutzeko aukerarekin. Denetariko etapak izan ditugu, gogorrak eta lasaiagoak. Hala ere, penatuta geratu ginen. Lasterketa hau amaituta, Omango Itzulian aritzeko intentzioa genuen, bidaia aprobetxatze aldera, baina lasterketa bertan behera geratu zen, bertako Sultanaren heriotzagatik.

Etaparen batean, gainera, ihesaldian sartzea lortu zenuen.

Etapa gogorretako mendateetan ondo moldatzen naizenez, aldaparen bat igo beharra izango zenean, aurrean ibiltzeko intentzioarekin joan nintzen. Hala ere, beroagatik edo, ez nintzen batere gustura sentitu, eta ez nuen aukerarik izan. Azken etapan, neure buruarekin gustura geratzeko, erasoa jotzea erabaki, eta aurrean sartzea lortu nuen. Ondo joan zen, tropelean urduri zeudelako; hala ere, haize handia zebilen, eta horrek ez zuen batere erraztu gure lana. Azkenean, harrapatu egin gintuzten.

Sasoiko sentitzen zara?

Baliteke. Ez zen espero bezalako hasiera izan Itzuli honetan, baina behintzat amaiera on bat emateko aukera izan nuen. Oso pozik nago, etapa irabazteko aukerekin ere sentitu nintzelako.

Iaz izandako arazoei aurre egin, eta urtea indarrez hasteko balio al du?

Egia esan, bai. Iaz, zapore txarrarekin amaitu nuen urtea, eta niretzat oso garrantzitsua zen aurten ondo hastea. Gainera, nire burua ihesaldian ikusteak, aurrerantzean gehiago zaindu, hobeto entrenatu eta lasterketetan aurrean ibiltzeko ilusioa dakar.

Eta zein dira denboraldi honetarako dituzun asmoak eta helburuak?

Taldearen helburu nagusia, Euskal Herriko Itzulia izango da, eta nik ere bertan jarriko ditut begiak. Urteko lasterketa garrantzitsuena da guretzat; nire asmoa, bertara sasoian iristea da. Lehenago, saio onak egingo ditut entrenamenduetan. Frantziako bi klasikatan ere hartuko dut parte, eta prestaketa saio gehiago egingo ditut ondoren. Martxoan, Settimana Coppi e Bartali lasterketan ariko naiz, Italian. Azken hau, Itzulia prestatzeko baliagarria izango da. Segidan, Yorkshireko Itzulian parte hartuko dudanez, etxeko lasterketan lortutako sasoia baliatu nahiko nuke.

Udatik aurrera, berriz, Ordiziako, Getxoko eta Donostiako Klasiketan aritu nahi dut. Azkenik, Burgosko Itzulian parte hartu, eta jarraian, Espainiako Itzulirako zerrendan egotea amets handi bat betetzea izango litzake. Ilusio handia dut, gogor lan egin eta helburuak lortzeko.

Urte berezia izan daiteke?

Bai. Giltzarria izango da, oso garrantzitsua, jada laugarren urtea delako; bai edo bai, aurrerapauso bat eman beharrean nago. Urteak aurrera doaz, eta beraz, taldearentzat lanean aritzetik, taldea aurrera eramatea pasa behar dut, garaipenen lehian ibiltzera. Lan ona egin dudala iruditzen zait, eta taldeak nigan konfiantza handia duela erakutsi dit.

Gaur aurkeztu dute Euskal Herriko Itzulia. Bertan egoteko aukerak dituzu?

Urtea hasi aurretik, zein lasterketetan parte hartu nahi dudan galdetzen didate zuzendariek. Nik, beti, Itzulian egon nahi dudala esaten diet, eta oraingoz, urtero izan naiz. Aurten ere parte hartuko dudala baieztatu didate, beraz, tartean lesiorik ez bada, bertan izango naiz.

Eta zein izango da zure helburua, lasterketa honetan?

Honezkero jakitun naiz Itzulian zein erritmo ezartzen den. World Tour mailako txirrindulariek hartzen dute parte, eta beraz, lasterketa oso azkarra izaten da. Astebeteko itzulien artean, munduko lasterketa garrantzitsuenetako bat da. Garaipenerako borrokan ibiltzea oso zaila izango da, baina agian, baliteke etaparen batean, ihesaldiaren ondorioz, talde txiki bat sortzea. Ederra izango zen multzo horretan sartzea. Oso zaila izango da, baina ni behintzat, saiatuko naiz. Zergatik ez? Taldearentzat oso garrantzitsua da postu on bat lortzea edota mendiko nahiz tarteko helmugetako puntuen maillota lortzeko lehian ibiltzea.

Zure izena nahiz taldearena aurrekoen artean ikusi, eta entzun dadin, ezta?

Noski, eta izen handiko lasterketetan are garrantzitsuagoa da hori. Batez ere, gure taldearen maila berean daudenentzat.

Taldekideek garaipena lortzeak ere garrantzia izango du.

Goi mailako txirrindularitzako funtzionamendua, ziklo moduko bat da. UCI Pro Team kategoriako taldeek, gureak adibidez, egutegi baten arabera funtzionatzen dute. Egutegi horretan, zuk nahi adina lasterketa markatu ditzakezu, baina gero, gonbidapenen zain egon behar duzu. UCI World Tour mailakoek nahi adina probetan har dezakete parte. Gure kasuan, nahiko genukeen lasterketetara joateko, ezinbestekoa da garaipenak lortzea, eta beraz, nik ezin badut, nire ondokoak irabaztea nahiko nuke. Hori dela eta, beharrezkoa da talde izaera egoki bat mantentzea. Garaipen gehiago lortuz gero, lasterketa gehiagotara joateko aukera handiagoak izango genituzke, eta horri esker, maila handiagoa lortuko genuke.

Nolako taldea duzue aurten?

Aurten ez dugu izen handiko lider finkorik. Talde orekatua osatu dugu, eta asko, gainera, nire egoera berdinean aurkitzen dira. Eremu guztietan ondo moldatzen garen txirrindulariak gara.

Gaur egun, nola ikusten duzu goi mailako txirrindularitza?

Belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari da, historikoa, baina beharrezkoa. 3-4 txirrindulari gazte maila bikaina erakusten ari dira, eta orain arte aurreko postuetan ibili izan diren txirrindulariak, alde batera geratzen ari dira. Gainera, ez dakigu gazteek zenbat urte iraungo duten goi mailan, 20-21 urte dituztelako. 

MOTZEAN

Txirrindulari bat. Mark Cavendish.

Taldekide bat. Alvaro Cuadros.

Garaipen onena. Legazpiko Santikutz Klasikoan lortutakoa, 2016an.

Esperientzia txarrena. Iaz, Frantziako Rhône-Alpes Isère lasterketan izandako erorikoa. Zazpi saihets hautsi nituen, eta birika bat zulatu zitzaidan. Pneumotorax bat ere izan nuen. Ez dut sekula ahaztuko.

Lasterketa bat. Donostiako Klasika.

Itzuli bat. Euskal Herriko Itzulia.

Mendateak ala esprintak? Mendateak igo osteko esprintak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!