Argazki galeria

San Sebastian eguna bezperatik ospatzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urtarrilaren 19a

Leaburun-Txaraman gaur ospatu dute San Sebastian eguna. Goizeko mezaren ondoren, dantza saioa eskaini diete haurrek ermita atarira bertaratutako herritarrei. Ondoren, hamaiketakoa egin dute herriko ostatuan.

Bihar ospatuko da San Sebastian eguna. Festa egun handia izaten da Donostian eta Azpeitian, baina eskualdeko zenbait herritan ere ospatzen dute, besteak beste, San Sebastian ermita duten herrietan: Berastegin, Berrobin, Leaburu-Txaraman eta Orendainen.

Leaburuarren kasuan, bezperako eguna baliatu dute festarako. Ohiturei eutsiz, goizean, meza izan da ermitan. Ondoren, herriko dantzariek emanaldia eskaini dute ermita atarian. San Sebastian martxa dantzatuz ekin diote emanaldiari. Ondoren, Euskaraldiako abestiaren gainean prestatutako koreografia dantzatu dute, baita Huntza taldearen doinuekin prestatutakoa ere. Azkenik, arin-arina eta kalejira ere dantzatu dituzte.

Behin dantzarien saioa amaituta, herriko ostatura igo dira herritarrak, hamaiketakoa egitera. Gainerako herrietan, biharko eguna baliatuko dute ospakizunetarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!