Duela bi agintalditatik zinegotzi izan da Joxe Ramon Eizagirre (Txarama, 1964) Leaburu-Txaramako Udalean, eta maiatzeko udal hauteskundeen ondotik alkate dihardu.
Zerk animatu zaitu alkate kargua hartzera?
Azken zortzi urte hauetan zinegotzi izan naiz; Maixa Uzkudun alkate ohia laguntzen aritu naiz. Normala denez, alkate izateak nekea sortzen du eta bazen garaia erreleboa emateko.
Zinegotzi izatetik, alkate izatera. Zenbatekoa da aldea?
Orain ordu gehiago sartu behar izaten ditut, eta jendearekin ere gehiago egon behar da.
Zer moduzko hilabeteak izan dira alkatetzan?
Abuztuan udaletxea itxita izan dugu, eta irailean hasi gara martxa hartzen. Aurreko lanei jarraipena emanez hasi gara.
Zortzi urteko bidearen ondoren, aurten onartu da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. Aukera berriak ireki dizkizue horrek?
Bai, noski. Adibidez, etxe berriak non eraiki daitezkeen eta zehaztuta geratu da. Inkesta bat egin genuen, ikusteko nor egon zitekeen prest etxe batean sartzeko. Laster, bilera bat egingo dugu beraiekin, herrian zein aukera dauden ikusteko eta benetan prest ote dauden edo ez jakiteko.
Zein dira datozen lau urteei begira aurreikusten dituzuen proiektuak?
Eskuartean daukagun proiektua emergentziazko etxebizitzarena da. Udaletxeko goiko solairuan eraikitzea da asmoa, negu aldean. Horrek, igogailua jartzea ere eskatzen digu. Horrez gain, mugikortasunean jarri dugu arreta berezia. Txaraman, batez ere, baina baita Leaburun ere, etxe asko errepidetik oso-oso gertu kokatuta daude. Ez dago oinezkoentzat biderik, ez zebrabiderik, ez dago ezer kotxeen abiadura murrizteko. Beraz, Aldundiarekin bildu gara, eta zenbait puntutan egokitzapenak eskatu ditugu. Aurten amaitu dugu Irisgarritasun Plana, eta horixe izango da gure erronka nagusia.
Txarama biziberritzeko plana jarri zenuten martxan azken agintaldian. Nola dago gaia?
Mugikortasunaren gaiarekin batera ari gara lantzen. Helburuak antzekoak dira, jendea oinez zein bizikletaz lasai ibili ahal izatea. Egia esan, paper-fabrika itxi zenetik, nahikoa zaharkitu da auzoa. Eta orain, errepide ingurua, autobus geltokia, jolasteko tokia eta beste, ondo jartzea da asmoa.
Parte hartzeari dagokionez, herri aktiboa zarete?
Antolatzen duzunaren arabera jendeak parte hartzen du, baina ez nahi genukeen adina. Parte hartzeko ohitura galdu egin da, eta berreskuratu nahiko genuke.
Nola egin daiteke hori?
Kulturari garrantzi gehiago eman nahi diogu, herriari izaera emateko eta jendea herrian bertan biltzeko. Ikasturtean zehar, adibidez, ikastaroak antolatzen ditugu. Azken batean, gure nahia da Leaburun aukerak izatea Tolosara jaitsi beharrean; hemen aukerak eskaini eta elkarrekin egon ahal izatea.