Azoka eguna ospatu dute Leaburun

Irati Saizar Artola 2018ko urr. 21a, 15:06

Hamargarrenez antolatu dute Leaburun Artisau eta Barazki azoka. Goizean zehar, izan da zer ikusi eta erosia herriko frontoian eta inguruetan. 

Bertako nahiz kanpoko produktuak aurki zitezkeen goizean Leaburuko frontoian. Barazki, haragi, gozo, ezti, ogi, jostailu, bitxi... bazen denen gustuko zerbait. Azokak iraun duen bitartean, erakustaldiak ere egin dituzte frontoiaren kanpoaldean. Lizartzar batek sega pikatzeko makina egin du eskuz, eta Joakin Garmendia anoetarra aritu da makinarekin erakustaldia egiten. Aldamenean izan ditu beste bi lagun sega pikatzeko garai bateko modua erakusten. Saski baten zozketa ere egin dute, eta Aitziber Arreseigor ibartarra izan da irabazlea.

Horren ondoren, Joxe Manuel Iriartek zaldi erakustaldia eskaini du. Aurretik, haurrekin ibili da zaldiarekin joan-etorriak egiten. Azoka eguna borobiltzeko, bazkaltzeko bildu dira guztiak Zazpi Bide elkartean. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!