Azoka eguna izango dute igandean, Leaburun

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urr. 16a, 08:00

X. Artisau eta Barazki Azoka egingo dute 10:00etatik aurrera; lizartzar batek segak pikatzeko egindako makina ere ikusi ahal izango da 12:00etatik aurrera.

Bertako produktuak kalera ateratzeko, dastatuak izaten laguntzeko eta giroa sortzeko antolatzen dute Leaburun, Artisau eta Barazki Azoka. Igandean izango da, hilak 21, eta hamargarren edizio honetarako ere ekitaldi ugari antolatu dituzte. Luisa Uzkudun alkateak azaldu duenez, postuekin batera «giroa sortzeko bertako produktuekin osatutako saskiak zozkatuko ditugu». Sorpresaren bat edo beste ere egongo dela aurreratu du alkateak.

Iaz lehen aldiz, hainbat herrialdetako jakiei ere egin zieten tokia, eta aurten berriz ere egingo dute. «Leaburu-Txaraman ere hainbat herrialdetako jendea bizi da eta integratzen laguntzeko eta bat gehiago sentitzen laguntzeko antolatu genuen. Jaki oso onak prestatzen dituzte, sekulako platerak, eta horiek probatzeko aukera ere eman nahi dugu».

Azoka goizean zehar egingo dute eta postuekin batera erakustaldiren bat antolatzen dute urtero. Aurten segarekin izango du zerikusia: «Herri txikietan badago segaren kultura eta segalari gazteak ere badaude, horregatik antolatu dugu. Garai batean sega pikatzen zuten eta hori nola egiten den erakutsi nahi dugu. Lizartzar bat etorriko da erakustaldia egitera eta berak eskuz egindako makina bat ere erakutsiko du. Makina horrekin pikatzen ditu segak, eta perfektu egiten du». «Almitza elkartea segari bultzada eman asmoz gazteekin ari da lanean eta duela hilabete edo entrenatzeko elkartu eta hamar bat segalari gazte bildu ziren, badu etorkizuna, eta horri lekua egin nahi izan diogu», gehitu du.

Erakustaldia eta gero, Joxe Manuel Iriartek zaldi erakustaldia eskainiko du. Goizean zehar haurrekin ibiliko da zaldian joan-etorriak egiten, eta erakustaldian zaldiak nola hezten dituen erakutsiko du.

Eguna borobiltzeko lagunartean bilduko dira bazkaltzeko, Zazpi Bide elkartean, eta oraindik ere badago izena emateko aukera. Bihar bitarte eman daiteke izena, udaletxean.

EGITARAUA

X. Artisau eta Barazki Azoka

  • 10:00. Postuen irekiera. Bertako produktuekin saskiak zozkatuko dituzte, haurrek zaldian ibiltzeko aukera izango dute eta trikitilariak ere ariko dira. Euskaraldiako gunea ere egongo da.
  • 11:00. Herrialde ezberdinetako jakien dastatzea.
  • 12:00. Garai bateko eta oraingo sega pikatzaile modernoekin ikuskizuna.
  • 13:00. Zaldi erakustaldia Joxe Manuel Iriarteren eskutik.
  • Ondoren. Bazkaria, Zazpi Bide elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!