Aizkoraren historian orrialde berri bat

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 2a, 17:46

Aizkora munduko beste hiru mitorekin batera, Anjel Arrospide leaburuarrak desafio berezi bat izango du Sunbillako frontoian, datorren larunbatean. Joseba Otaegi zizurkildarra eta Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a ere bertan izango dira.

Nork esango zion Anjel Arrospideri, duela 8 urte, 54 urterekin azken txapelketa jokatu ostean, berriro ere plaza bat zapalduko zuela? Auskalo. Kontua zera da: Datorren larunbatean, hilak 11, azken mende erdian aizkorak eman dituen artista handienetako lau, berriro bilduko direla. Bikoteka arituko dira, elkarren aurka desafio bat jokatzeko. Sunbillan jarri dute zita, bertako pilotalekuan, beren onena ematen saiatuko diren aizkolari historikoek: Anjel Arrospide (Leaburu, 1956), Patxi Astibia (Leitza, 1949), Mikel Mindegia (Ezkurra, 1949) eta Jose Ignacio Orbegozo Arria II.a (Azpeitia, 1945).

Nafarrak gipuzkoarren aurka arituko dira. Guztien artean, Euskal Herriko 26 txapela batzen dituzte. Marka da gero. Mindegiak hamar, Astibiak eta Arrospidek sei, eta Orbegozok lau. Antton Espelosin eta bere taldea izan dira erakustaldi honen antolatzaileak, aizkoraren historian orrialde berri bat idazteko aukera mahai gainera eraman dutenak, eta zaleentzako erakargarri suertatzen den jaialdi bat prestatu dutenak. Ikusmin handia piztu duen erronka da honakoa, eta egin beharko duten lana ere ez da nolanahikoa izango: sei kanaerdiko ebaki beharko ditu bikote bakoitzak.

Latasaren oroimenezkoa eta errekor saiakerak

Baina, desafio hori ez da jaialdiko erakustaldi bakarra izango. Izan ere, aurtengo berrikuntza nagusia da aizkolari historikoak biltzearena. Lehendik, Ramon Latasa Elizondoren oroimenezko txapelketa (Latasa memoriala) jokatzen baita data hauetan, herriko txapeldun handia gogoratzen duten lehian. Aurtengo edizioan, gainera, egungo aizkolari onenak elkarren aurka ariko dira, bost bikotetan banatuta: Aitzol Atutxa-Julen Alberdi, Donato Larretxea-Iker Vicente, Mikel Larrañaga-Ugaitz Mugerza, Joseba Otaegi-Jon Rekondo, eta Ruben Saralegi-Xabier Orbegozo Arria V.a. Hauek, hamarna kanaerdiko eta 60 ontzako seina enbor ebaki beharko dituzte. Egungo kirolarienak ere ez dira lan makalak izango.

Jaialdiak, ordea, lehiatik bakarrik ez, eta erakustalditik ere izango du. Hain zuzen, Ousmane Dramé senegaldarra eta Xanta Sousa brasildarra txingak eramaten ariko direlako. Lehena, munduko errekorra hausten saiatuko da, guztira, 100 kiloko pisua eraman beharko duelarik. Sousak, berriz, pasa den urtean, eta plaza berean, berak ezarritako marka hobetu nahi du, esku bakoitzean 50 kiloko txingak eramanez. Iaz, sei plaza (bakoitzak, 27 metro) eta 17 metro egin zituen.

Herri kirol mailan, udako zita garrantzitsuena bezala ezagutzen da Nafarroako herriko frontoikoa. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da ikuskizuna, eta lehen aldia izango da, lau aizkolari beteranok elkarren aurka neurtzen dituztela indarrak. Aurtengoa, Latasaren oroimenezkoaren hamazazpigarren edizioa izango da, baina nobedade eta guzti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!