Larresoroko urteroko festa, maiatzaren 6an

Ataria 2018ko apirilaren 16a

Larresoron egindako bazkariko artxiboko irudia.

Iritsi da aurtengoa ere. Leaburu-Txarama eta Lapurdiko Larresoro herriak senidetuta daude, eta urtero elkartu eta egun pasa egiten dute. Aurten Leaburun elkartuko dira, maiatzaren 6an.

Bisita dela eta bazkaria egingo dute eta izena apirilaren 30a arte eman daiteke 943 67 59 31 telefono zenbakira deituta. Bazkaria ostatuan izango da eta helduek 22 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 10 euro.

Bazkaria baino lehen, ongi etorri emango diete, noski. 11:00etan izango da ongi etorria frontoian eta dantzariek hartuko dute parte. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute, eta 12:00etan bertso pilota izango da Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariekin, eta pilota partidetan herriko gaztetxoak ariko dira batetik, eta Lizaso-Esnaola Etxabarri-Errekaren aurka, bestetik.

Larrosoroko eta Leaburu-Txaramako bizilagunek 1996. urteko XIV Orduko Ibilaldian ezagutu zuten elkar, eta ordutik urtero elkartzen dira. Txandaka egiten dute, urte batean Lapurdira joaten dira leaburuarrak, eta bestean alderantziz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!