Txarama biziberritzeko lehen urratsa emango dute 2018an

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 10a, 09:00

Leaburu-Txaramak 460.080 euroko aurrekontua izango du; plaza berritzen ari dira, baina ez da lan bakarra, udalarenak diren ondareen mapa ere egingo dute.

Leaburu-Txaramako Udalak martxoko osoko bilkuran onartu du 2018. urterako aurrekontua. 460.980 euro onartu ditu, iazkoa baino altuagoa; 2017. urtean 403.053ko aurrekontua izan zuten.

Ohi bezala inbertsioen atala da aldaketa gehien izan dituena eta kopururik altuena plazaren berritzea egitera bideratu dute. Izan ere, plaza berritzen hasi dira jada eta lan horiek egiteko 345.000 euroko mailegua eskatu dute. Mailegua 10 urtetan ordainduko dute eta lehen ordainketa 2018ko aurrekontuan sartu dute. Gauzak ondo, ekaina erdialderako plaza erabat bukatuta egotea espero dute; «martxa onean daude lanean, jada plaza ondoko aparkalekuak itxura hartu du eta baldosak eta altzariak aukeratzen ari gara jada», aurreratu du Luixa Uzkudun alkateak.

Ez da hori datozen hilabeteetan Leaburu zein Txaraman egingo duten lan bakarra. Alkateak azaldu duenez, baserri bideak eta argiteria kopontzen jarraituko dute. «Iaz argiteriaren zati bat egin genuen, bai Txaraman eta baita Leaburun ere, eta aurten horretan jarraituko dugu eta argiteria guztia berritzen bukatuko dugu. Plazakoak berritze lanak bukatzen dituztenean egingo ditugu», esan du. Frontoia margotzeko asmoa ere badutela azaldu du Uzkudunek.

Inbertsio horiekin batera orain hasi eta datozen urteetan gauzatu nahi duten beste proiektu bat ere badute eskuartean. Txarama biziberritu nahi dute, horrela bertako bizilagunek jaso beharreko zerbitzuak bermatu ahal izateko eta lehen pausoa aurten emango dute. «Proiektu hori potoloa da. Txarama erreka eta errepidearen artean dago eta gauza asko eduki behar dira kontuan, horregatik hitz egingo dugu Gipuzkoako Urak-ekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Gure asmoa da plan bat diseinatzea, datozen urteetan horren gainean lan egin ahal izateko. Proiektuak lanketa bat eskatuko du dena den, eta herritarrekin bilerak egingo ditugu ere. Aurten plan hori diseinatuko dugu, lehen pausoa besterik ez da izango».

Bestetik, buzoiak berritzen ari dira. Gehienak berritu dituzte jada eta geratzen direnak 2018an zehar berrituko dituzte.

UDAL ONDAREA

Era berean, udalarenak diren ondareen diagnosia ere egin nahi du udalak. «Gure mugarriak eta udalarenak diren lursail guztiak identifikatu nahi ditugu. Beharrezkoa den zerbait dela ikusi dugu. Urtero ateratzen da gaia, edozein gai lantzen ari garela ateratzen den zerbait da. Urte mordoa pasatu da eta lursail batzuetan zati bat da udalarena, pasabidea egiteko erosi zuelako esate baterako, baina ez lursail guztia... Galdezka aritu gara han eta hemen, aurreko alkateei eta herritarrei, baina jasotako informazioa beti ez da katastroan azaltzen dena... Udal ondare guztiaren mapa bat egin dugu, diagnosia, duguna eta ez duguna argitzeko», azaldu du alkateak.

Inbertsioez gain, ohi bezala, langileen kostuak eta ohiko gastuak sartu dituzte aurrekontuan. Leaburu-Txaramak bi langile eta erdi ditu, idazkaria jardunaldi erdian, aguazila eta administraria, lan zehatzak egiteko beste langile batzuez gain, eta horiek eta udaletxearen ohiko gastuak zein Tolosaldeko Mankomunitateari ordaindu beharreko kopuruak mantendu dituzte. Horretaz gain, iaz lehen aldiz, gizarte zerbitzuetako partida pixka bat handitu zuten behar bereziak dituzten familiak laguntzeko, eta aurten gauza bera egitea adostu dute.

AURREKONTUA

Sarrerak

  • Zuzeneko zergak. 81.040 euro.
  • Zeharkako zergak. 2.000 euro.
  • Tasak eta bestelako sarrerak. 35.000 euro.
  • Transferentzia arruntak. 311.920 euro.
  • Ondare sarrerak. 31.020 euro.

Gastuak

  • Pertsonal gastuak. 164.500 euro.
  • Gastuak. 125.160 euro.
  • Finantza gastuak 3.438 euro.
  • Transferentzia arruntak. 71.993 euro.
  • Inbertsio errealak. 62.121 euro.
  • Finantza pasiboak. 33.768 euro.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!