Leaburuko plaza guztiz berrituko dute datozen hilabeteetan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 14a, 13:00
Hilaren 26an hasiko dituzte lanak.

Hilaren 26an hasiko dira lanekin eta San Pedro jaietarako prest izatea da asmoa; 345.000 euroko mailegua eskatu dute 10 urtetan ordaintzeko.

Leaburuko plaza berritzen hasiko dira hilaren 26an, eta lau hilabetez ariko dira horretan. «San Pedro jaietarako lanak bukatuta edukitzea aurreikusten dugu», esan du Luisa Uzkudun alkateak. Pasa den abenduko osoko bilkuran esleitu zituzten lanak eta langileak neurriak hartzen hasiak dira jada.

Plaza zaharkituta dagoela esan du alkateak, azken urteetan ez baitiote osoko konponketarik egin. Plazaren lanak egiteko inbertsio «potoloa» egingo dutela ere esan du eta 345.000 euroko mailegua eskatu dutela. «Lan handia da, lehen zatia egin genuen pasa den urtean; beheko plazan brea bota genuen eta aparkalekuen seinaleak jarri genituen. Oraingoan goiko plaza berrituko dugu. Batetik, oztopo arkitektonikoak kenduko ditugu eta uraren, argiaren eta telefonoaren hoditeriak lur azpitik pasako ditugu, eta bide batez, zoru osoa konponduko dugu», azaldu du Uzkudunek. Era berean, herrira sartu eta parean dauden aparkalekuak kenduko dituzte, eta sartu eta ezkerretara dagoen gune batean jarriko dituzte. «Plazan urteak dira ez dela ezer egin eta jada hainbat altura ere pilatu zaizkigu, koska asko daude, guztia berdintzeko garaia da», esan du alkateak.

Horrekin batera, goiko plazako zuhaitzei leku gehiago utziko diete, zuhaitz bakoitzaren bueltako baldosak kenduko dituztelarik leku gehiago uzteko. Azkenik, plazan espazio gehiago geratuko dela aprobetxatuz  jardinerak jarriko dituzte.

345.000 euro, 10 urtetan
Udalean plaza zaharkituta zegoela eta beharrezkoa zela ikusita animatu dira mailegua eskatu eta lanak egitera. «Diru asko da, baina egiteko moduan gaude. Diru laguntzak eskatu ditugu eta batzuk ukatu dizkigute, baina eskatzen jarraituko dugu. Dena den, diru laguntzarik jasoko ez bagenu ere mailegua ordaintzeko moduan gaude. Mailegu bat eskatu dugu eta 10 urteko epean buelta ematea aurreikusten dugu. Mailegua eskatzeko une egokia dela ikusi dugu, jada aurrekoak ordainduta ditugulako. Berriro zorpetzeko baldintza egokienak orain ditugu eta horregatik animatu gara, dena den, diru laguntzak eskatzen jarraitzen dugu», esan du. 2018ko aurrekontua martxoko ohiko bilkuran onartuko dute eta bertan sartu dute jada, aurtengoari dagokion ordainketa, izan ere, 10 urtetan ordaintzeko asmoa dute.

Plazakoa lan «potoloa» da, baina ez da herrian egiten ari diren lan bakarra. Herriko argiteria guztia berritu dute, kaleargietako buruak aldatu dituzte, bai Leaburun eta baita Txaraman ere, eta baserri bideak konpontzen jarraituko dute aurki. «Aurten bi baserri bide konponduko ditugu», esan du alkateak.
Txaramako plaza ere berritu nahi dute, baina hori aurrerago egingo dute. «2019. urterako Txaramari begira jarri nahi dugu, eta bertako bizilagunek jaso beharreko zerbitzuak bermatu, baina hori proiektu potologoa da, eta ondo prestatu behar dugu guztia», aurreratu du Uzkudunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!