Denboraldi berriarekin batera saio berriei ongietorria ematen ari da ATARIA IRRATIA. Hala, eduki anitzez betetzen doan heinean, geroz eta herritar gehiagori ari da zabaltzen ateak eskualdeko euskarazko irratia.
Berritasunen artean aipamen berezia merezi du musikak, estilo desberdinak jorratzen dituzten saioak izango baitira. Hain justu, estreinatuko den saioetako batek gaur bertan ikusiko du argia. Adriana Gaultier DJa izango da saioaren gidaria, eta Playback Ataria jarri dio asteroko hitzorduari. «80. eta 90. hamarkadetako musika beltza, gaur egungoari ere lekua eginez». Horrela azaldu du Gaztea irratiko DJ Lehiaketa irabazi duen leaburuarrak saioan jarriko duen musika azaltzerakoan.
Izenburuari dagokionean, «berriro erreproduzitu» esan nahi duela azaldu du, baina, beti ere, kaseteari erreferentzia eginez. Beraz, nolabait, denboran atzera egitea irudikatzen du batetik, eta bestetik, «musika hura berriro entzuteko aukera izango dela ATARIA IRRATIA-n». Gaur izango da lehena, eta asteazkenero izango da hitzordua 15:00etan, eta bigarrenez larunbat gauetan, 21:00etatik aurrera zabalduko da. Ohi bezala, ATARIA IRRATIA-n, hau da, 107,6an fm bidez nahiz ataria.eus-en irratiaren atalean jarraitu ahal da saioa. Nahi duenak, gainerako saioekin eta atalekin egiten den moduan, webgunean zintzilikatu ostean nahieran entzun ahalko du.