Herritarren arteko herri kirol jaialdia, festak girotzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 24a, 15:56
Jaietako herriko dantzarien emanaldia, artxiboko irudi batean.

Txaramako jaiak izango dituzte bihar eta etzi; aurten lehen aldiz herriko gazteak helduen aurka ariko dira herri kiroletan, larunbatean izango da ekitaldia, 19:00etan.

Larunbata, hilak 27, 19:00etan, Txaramako plazan. Horra hor herriko jaiak girotzeko antolatu duten hitzordua. «Giroa sortu nahi genuen aurtengo jaietan eta kanpotik zerbait ekarri baino, gu geuk ere ikuskizuna eskaini ahal genuela pentsatu genuen, hortik sortu zen gazteen eta helduen arteko herri kirol saioa», esan du Nagore Esnaolak.

Jada osatu dituzte bi taldeak. 20 herritar ariko dira elkarren aurka, hamar gazteen taldean eta beste hamarrak helduenean. Generoari ere erreparatu diote eta orekatu dute parte hartzea, bosna emakume eta gizon ariko dira elkarren aurka. Proba «jai giroan» egingo dute, baina lana ez da nolanahikoa, ingudean eta koxkolak biltzen ariko dira, eta baita zakua bizkarrean hartuta plazari hiru buelta ematen, txingetan eta korrika ere. Bukatzeko sokatiran ariko dira. «Garai batean sokatiran aritu ginen beste herri bateko tiralarien aurka eta giro polita sortu zen. Aurten ordea, buelta eman, eta gure artean egingo dugu saioa», esan du Esnaolak.

Jaietako antolakuntza lanetan aritu da Esnaola eta txaramarrez gain, kanpotarrak ere gonbidatu ditu jaietara eta nola ez, herri kirol saiora. «Ikustera etortzeko, giro ederra izango dugu eta», esan du.

Txamarako jaiak 2017

Bihar, maiatzak 26

  • 20:30. Barrikotea jaiei hasiera emateko, elkartean.
  • 22:30. Imanol Ituño magoaren ikuskizuna.  

Etzi, maiatzak 27

  • 17:00. Ume jolasak eta ondoren, txokolate jatea.
  • 19:00. Herri kirolak Txaramako helduen eta gazteen artean.
  • 20:30. Euskal presoen aldeko argazki erraldoia.
  • 21:00. Herri afaria Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia bertsolariekin eta ondoren, Fermin Valentziaren kantaldia herritarrek lagundurik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!