Leaburuarrek plaza berria izango dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 18a, 18:00

Zorua aldatuko dute, besteak beste, Leaburuko plaza berritzean.

Proiektu potoloa dute eskuartean Leaburu-Txaraman, plaza guztiz berrituko dute datozen urteetan; 416.177 euroko mailegua eskatu dute lanak egin ahal izateko

Hiru hilabetero egiten dute osoko bilkura Leaburu-Txaraman eta martxokoan onartu zuten aurrekontua. 400.000 euroko aurrekontuaren bueltan ibiltzen dira normalean, iaz 452.495 eurokoa izan zuten, eta aurten ere kopuru antzekoa darabilte: 403.053 euroko aurrekontua izango dute 2017an. Aurten mailegu bat onartu dute plaza berritzeko asmoa baitute, eta hortaz 819.000 euro dituzte buruan. Mailegua 416.177 eurokoa da.

Aurrekontua
Aurrekontuari dagokionez, langile gastuek dute zenbatekorik altuena: 164.500 euro. «Bi langile eta erdi ditugu –idazkaria jornada erdian, aguazila eta administraria–, eta baita unean uneko zerbitzuak emateko beste langile batzuk ere –liburutegia irekitzeko, garbitzaileak...–, partida hau antzekoa izaten da beti», esan du Joxe Ramon Eizagirre zinegotziak.

Gastu orokorrei dagokienez –bulegoko gastuak, argi indarra, berogailua, kultur gastuak...– 123.660 euro onartu dituzte, «gastu hauek urtetik urtera goraka doaz», esan du Eizagirrek. Mankomunitateei eta gizarte zerbitzuei dagokienez, 71.993 euro onartu dituzte, eta aurten badela berezitasunik esan du zinegotziak. «Gizarte zerbitzuetan gastu gehiago etorriko direla aurreikusi dugu. Familia bat badago laguntza behar duena eta diru kopuru bat sartu dugu lagundu ahal izateko. Kasu berezi bat da. Gizarte zerbitzuetan hainbat aldaketa etorriko dira, eta kasu horiek aurreikusi nahi izan ditugu aurtengo aurrekontuan», azaldu du.

Inbertsioetarako 42.900 euro onartu dituzte. Zinegotziak esan duenez, diru laguntzak baliatuko dituzte herriko farola guztiak berritzeko, LED bonbillak jarri nahi baitituzte. Diru asko da, baina «egin beharrekoa» dela dio Eizagirrek. «Urtero ateratzen da diru laguntza LED bonbillak jarri ahal izateko eta eskatu egingo dugu, ea aurten ematen diguten, egin beharreko lana baita». «Kontua da iaz ere saiatu ginela, baina ez genuen lortu. Duela bi urte diru laguntzak emateko irizpideak aldatu zituzten. Lehen diru laguntza lerro bat irekitzen zenean, eskatu egiten genuen eta jasoz gero, %100a ez denez izaten, falta zen zatia jartzen genuen. Diru kopuru bat onartzen genuen, jakinda zein diru laguntza jasoko genuen. Baina orain diru laguntzak onartu aurretik gastu hori onartuta dugula ikusi nahi dute, eginda edo gastua onartuta. Aurten horregatik aurreikusi dugu gastua aurrekontuan», gaineratu du.

Horrekin batera bide konponketak egiten jarraituko dutela esan du Eizagirrek. Foru Aldundiak baserriko bideak konpontzeko diru laguntzak ateratzen ditu urtero eta hori ere eskatuko dute. «Iaz eman ziguten diru laguntza, aurten ez dakigu, baina gastu hori aurreikusi dugu jada», azaldu du. Era berean, ostatuaren mailegua ere aipatu du. «Aurten bukatuko dugu ordaintzen ostatua egiteko eskatutako mailegua, oso gutxi geratzen zaigu», esan du.

Plaza
Leaburuko plazaren berritzea da beraz, udalak egin asmo duen lanik garrantzitsuena eta horregatik eskatu dute 416.177 euroko mailegua. «Plaza berritu nahi dugu, zorua zaharkitu da, koskak daude, zuhaitzen sustraiek baldosak altxa dituzte... Koskak kendu eta zorua berdindu nahi dugu, irisgarritasuna hobetu, dauden araudiei jarraituz, autoen pasabidea erdian dago eta estua da eta hori konpondu nahi dugu...». Behin horrelako lanak egiten hasita azpiegitura guztia ere berrituko dute; ur zikinak eta eurikoak banatzeko hoditeria, argindarra ere ez dago orain, eta farolentzako argindarra pasako dute eta abar.
Epe luzerako lanak dira, laguntza bat eskatu dute eta ematen badiete bi urtetan egin beharko dute, baina eman ala ez lanak egingo dituztela erabaki dute eta horregatik eskatu dute mailegua. Ez dute hasteko datarik ere, baina jaiak pasatzen utzi nahi dituzte. Prozedura luzea izango dela diote.

Mailegua eskatu behar badute ere, lanak egin beharrekoak direla uste dute eta udalaren jarduna ez dutela baldintzatuko bermatu dute. «Badago lege bat udalaren zorpetzea bideragarria izan behar duela dioen eta hori begiratu dugu. Finantza Plan Ekonomikoa egin dugu eta egonkortasuna bermatu», esan du.
Guztira 819.000 euroko kopurua dute udal arduradunek buruan, eta beraz, udalean «ausardiaz» jokatu dutela ere onartu du zinegotziak. «6 urte daramagu udalean eta badugu esperientzia, eta uste dugu bideragarria dela. Diru laguntza jasotzen ez badugu ere badakigu honi buelta emateko moduan gaudela», esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!