Alkizalete eta Etxeberria aurrera

Irati Saizar Artola 2017ko apirilaren 2a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako 2. jardunaldia jokatu da Leaburuko pilotalekuan. Jokin Alkizalete asteasuarra eta Joxean Etxeberria baztandarrak lortu dute aurrera egitea. 

Aizkolariak ikustera jende mordoa inguratu da Leaburuko pilotalekura. Animo eta txalo artean egin dituzte aizkolariek euren lanak. Bi final jokatu dira hurrengo fasea nork jokatu erabakitzeko. Batetik, Alkizalete eta Dorronsoro; 8'09" behar izan ditu asteasuarak eta minutu bat eta hogei segundoko aldea atera dio Dorronsorori. Bestetik, Etxeberria eta Saralegi; 10'14" behar izan ditu Etxeberriak eta 28 segundo gehiago behar izan ditu Saralegik. 

Hamabi aizkolari aritu dira lehian: Jokin Alkizalete (Asteasu), Jose Mari Benito (Valsain, Segovia), Xabier Dorronsoro (Zerain), Joxean Etxeberria (Ziga, Baztan), Alvaro Garcia (El Espinar, Segovia), Emilio Garcia (El Espinar, Segovia), Hermenegildo Herrero (San Rafael, Segovia), Jaime Huertas (Valsain, Segovia), Oier Kañamares IV (Arostegi), Eneko Saralegi (Errazkin), Jaime Turreros (El Espinar, Segovia) eta Unai Zabala leaburuarra. Lehen aldiz aritu da Zabala herritarren aurrean eta lehen txapelketa izan da honakoa. 

Aizkolariez gain, Joseba Ostolaza harri jasotzaileak erakustaldia eskaini du aizkolarien lan tarteetan. Bere alaba Udane Ostolaza ere 27 kiloko harria jasotzen aritu da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!