«Hankak lurrean edukitzea beharrezkoa dela uste dut»

Asier Imaz 2016ko mai. 11a, 11:05

Legazpiko Klasika irabazi ondoren, Bidasoako Itzulian Etapa nagusia irabazi berri du Jon Irisarri, 20 urteko txirrindulari leaburuarrak.

Hitzetik hortzera dabil Jon Irisarri (Leaburu-Txarama, 1995) afizionatuen mailako txirrindularia. Legazpiko Santikutz Klasikoa irabazita joan zen Bidasoako Itzulira, eta bertan, handia egin berri du. Ekonomia eta Enpresa ikasleak sekretua dauka: «lana, lana eta lana».

Zein helbururekin joan zinen Bidasoara?
Etapa bat irabazteko helburuarekin. Igotzaileentzat egokiagoa zen itzulia, eta azken sailkapena ez nuen buruan.

Etapa nagusia, sailkapen nagusian laugarrena, eta lehen euskalduna.
Espero baino askoz hobeto joan da dena. Ez nuen inondik espero laugarren amaitzea eta lehen euskalduna izatea.

Zure buruari ez al diozu esan: «Latza egin duk!».
Legazpi irabazi eta gero Bidasoan etapa bat irabaztea nire buruarentzat motibazio izugarria izan da.

Bada esaldi bat: «Legazpi irabazi eta Bidasoan ondo ibiltzen dena...»
Profesionaletara igotzen dela. Baina gaur egun oso zaila da igotzea. Lana egiten segi behar da, nahiz eta bi proba horiek irabazi. Denboraldi erregularra egiten saiatu behar da, eta apal-apal lanean jarraitzea besterik ez dut buruan. Gero aukera ematen baldin badidate; oso ondo.

Xabier Usabiaga txirrindulari adituak goran ikusten zaitu hurrengo denboraldian. 
Horrelako gauzak entzutean poza sentitzen duzu. Xabier Usabiaga bezalako jendeak profesionaletara igotzea merezi duzula esateak asko motibatzen zaitu, eta lanean jarraitzeko indar gehiago ematen dizu. Nire ustez gauzak ondo egiten baldin badira, beste gauza horiek iritsiko dira.

Txirrindularitzan egun ez da ezer ziurra, ordea. 
Geroz eta lasterketa gutxiago daude, eta taldeek arazo ekonomiko handiagoak dituzte. Hankak lurrean edukitzea beharrezkoa dela uste dut, eta lanean jarraitzea besterik ez da geratzen.

Nazio arteko lasterketetan zer moduz ibili zara? 
Espainiako Selekzioak Flandriako Tourra eta ZLM Tourra korritzeko aukera polita eman zigun. Esperientzia izugarria izan da; buru aldetik oso gogorra. Prestatuta joan behar zara horrelako lekuetara, tentsio handiko lasterketak izaten direlako. Baina aldi berean, ikasteko asko balio dute, eta hurrengoan beste mentalitate batekin joango naiz.

Oriakon hasi zinen txirrindulari bezala. Orduan irudikatzen al zenuen zaren txirrindularia?
Ez nuen argi zer izango nintzen, azkarra nintzela bai, baina hortik aurrera ezer gutxi. Aldapan gora urtetik urtera hobetzen joan naizela uste dut, eta batez ere azken urteetan. Ainhoa Artolazabal eta hauek asko lagundu didate horretan, eta eurei arrazoia eman beharrean nago. Ondo igotzen duen sprinter bat naizela esango nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!