Lehen pilotakadak ematen

Irudian, Leaburu-Txaramako pilota eskola osatzen duten haurrak eta begiraleak

Irailean jarri zuten martxan lehen aldiz Leaburu-Txaraman pilota eskola; adin ezberdinetako hamaika haur biltzen dira ordutik, ostegunero, herriko pilotalekuan afizioa lantzeko.

Eskualdean pilotarekiko afizioa zabala da. Pilotazale, pilotari eta pilota eskola asko biltzen dituen eskualdea da gurea. Irailetik aurrera badu pilota eskola berri bat Tolosaldeak: Leaburu-Txaramakoa.

Arkaitz Esnaola txaramarra da pilota eskolako arduraduna, eta aspalditik buruan zuten ideia gauzatzeaz arduratu da. Herrian futbola eta dantza ikastaroa bazirela ikusita, eta herrian frontoia izanda, pilota eskola ere martxan jartzea erabaki zen.

Esnaolak ez du «inoiz» pilota eskolarik ezagutu herrian, eta uste du lehen aldia dela pilota eskola bat martxan dena, nahiz eta bertako gazteek nahikoa pilotakada eman izan dituzten frontoian, eta lehenago baita zimiterioan, eskola zaharraren azpian edo elizako paretan.

Ideia izatetik, eskola gauzatzerako bidean beste arduradunekin «elkartu» ziren eman beharreko pausoak zeintzuk ziren jakiteko. Egin beharreko tramiteen ondoren, herrian deialdia zabaldu eta hamaika haurrek eman zuten izena. Entrenamenduekin irailaren amaieran hasi ziren. Ordutik, ostegunero biltzen dira Leaburuko frontoian, ordubetez pilotarekin aritzeko.

Leaburu-Txarama herri txikia izanik, hamaika ikasleak adin ezberdinetakoak izatea eragiten duen arren gustura dago Esnaola: «6-7 urteko lau ume dauzkat eta zaharrenak 11 urte ditu; ahal den bezala osatzen gara, baina gustura gaude».

PILOTA ETA BESTE

Herri txikietako gazteek pilotari onen fama izan dute, frontoietan ordu asko igarotzearen ondorio. Baina, ohitura hori aldatzen ari dela uste du Esnaolak. Pilota «gustatzen» zaiela uste du, baina «ez dago lehengo herri txikietako» ohitura hori. Baina, oraindik ere Tolosatik «aparteago» dauden «herri txikietakoak» aurkari dituztenean, nabari dute haur horiek frontoian «ordu asko» egiten dituztela.

Irakasle aritzen den Esnaola bera pilotan jokatzen aritzen da, eta berak ikasitakoa haurrei transmititzen saiatzen da: «Guri irakatsi digutena saiatzen gara beraiei erakusten».

Hala ere, ikasten ari diren haurren adinean garrantzitsuena «pilotarako afizioa» izatea da Esnaolaren ustez: «Pilotan ikasten saiatzea eta frontoian gustura egotea da garrantzitsuena».

Pilota eskolako ikasle zaharrenak hasi dira jada beste herri txikien aurka partidak jokatzen; bi astez behin etxean jokatzen dute eta bestean kanpoan. Horrez gain, Berastegiko eta Ibarrako pilota eskolekin batera ligaxka bat jokatzen ari dira «pilota zaletasuna» sustatzeko asmoz. Benjamin eta alebin mailako pilotariak ari dira jokatzen, eta amaiera apirilaren 16an emango diote, finalak jokatuta.

Azkenik, Esnaolak herrian pilotan ikasteko gogoa izan dezaketen gazteei eskolara joateko gonbita egiten die. Beraiek «aurrera segitzeko» asmoarekin daudela, eta esku zabalik hartuko dituztela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!