Bi herrien arteko lotura sendotzeko

Leaburu-Txaramako eta Larresoroko herritarrak igandean bilduko dira sagardotegi batean

Leaburu-Txaramako herritarrek bisita berezia jasoko dute asteburu honetan. Larresoroko (Lapurdi) lagunak etorriko dira gurera, eta urteroko ohitura duten moduan sagardotegira joango dira guztiak elkarrekin, Abaltzisketako Zalbide sagardotegira, hain zuzen ere.

Urtean bi aldiz elkartzen dira gutxienez, bi herrietako lagunak. Hitzordu horietako bat sagardotegi garaikoa izaten da. Igandean, izango da aurtengo zita. 12:00ak inguru helduko dira Larresorokoak sagardotegira, eta han bertan urteroko ohiturari jarraituz toka txapelketa herrikoia egingo dute, sari eta guzti. Ondorenean, bazkaria egiten dute. Bazkalondoren, berriz, festa giro «paregabea» izaten dute Jon Otegi, Leaburu-Txaramako kultura zinegotziaren esanetan. Larresorokoekin «musika eta kanturik» ez baita falta izaten.

Sagardotegi eguna, bi herrietako esperientziak «elkarbanatzeko» egun bezala bizi dute, eta bide batez «harremanak egiteko» ere egun aproposa dela uste du Otegik.

Hogei urtetik gora dira Leaburu-Txaramako herritarrak Larresoroko Ote Lore elkarteko herritarrekin, harremanetan hasi zirela. Baina, 2014ko abenduan bi udalerriek ofizialki onartu zuten senidetze hori, eta iazko ekainean senidetze hori islatzeko ekitaldia ere izan zuten Leaburu-Txaraman. Ordutik bi udaletan senidetzearen berri ematen duten plakak ere jarriak dituzte udaletxeetan.

Senidetzea ofiziala egin aurretiko ohitura da sagardotegian biltzearena. Lehen, Leaburuko Otazu sagardotegian biltzeko ohitura zuten eta Otegik esan bezala, herrian egiten zuten «egun pasa». Baina, herriko sagardotegia ixtean, Tolosaldeko edo Hernanialdeko sagardotegiak ezagutuz joatea erabaki zuten; gauzak honela, urtero sagardotegi ezberdin batean egiten dute hitzordua. Horregatik, sagardotegiko hitzorduaz gain, aurten ere «ofizialtasun horretan» Leaburu-Txaraman festa edo aldarrikapen moduko bat egiteko asmoa ere badute.

Uztailean, berriz, bisita alderantzizkoa izaten da. Orduan, Leaburu-Txaramako herritarrak izaten dira Lapurdira joaten direnak: «Hemengoaren antzeko egun pasa bat egiten dugu». Herri kirolak eta bazkaria egiten dituzte bertan, besteak beste, baina beraientzat hoberena bizitako esperientzia eta egun horrek duen helburua izaten da: «Egun eder bat pasatzen dugu elkarrekin! Harremanak egiteko aprobetxatzen dugu. Aldarrikapen bat ere bada, Leaburu-Txaramatik Euskal Herri euskaldun eta batu baten alde egiten dugun apustua».

Herritarren arteko harremana

Aipatu bezala, senidetze ofiziala kontu berria den arren, «urte pila bat» daramatzate elkarrekin biltzen, lehenik Ote Lore elkartekoekin eta gerora herritar gehiagorekin. Urteetako lotura horien ondorioz harremanak «sendotzen» joan dira, lotura handituz.


Horregatik, eta bide horretan jarraitzeko asmoz, Otegik Leaburu-Txaramako herritarrak «animatu» nahi ditu igandeko festara: «Bai urtero biltzen garenak eta baita urtero biltzen ez den jende ezberdina ere, lotsak etxean utzi eta bazkarira etortzera animatu nahi nuke, Larresoroko herritarrekin daukagun harremana aberatsa delako».

Horretarako aukera oraindik bada, nahiz eta gaur bertan amaitzen den izena emateko aukera. Interesa duenak Leaburu-Txaramako udaletxera telefonoz deitzea besterik ez du, 943 67 59 31 telefono zenbakira.

MARTXOAK 13, IGANDEA

12:00. Ongi etorria egingo zaie Larresoroko herritarrei Zalbide sagardotegian.
Ondoren. Toka txapelketa.
14:00. Bazkaria.
Izena ematea. Epea gaur, martxoak 11, amaitzen da. Izena eman ahal izateko udaletxera (943 67 59 31) deitu behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!