Plan orokorrari lehen onespena eman diote Leaburu-Txaraman

Maier Ugartemendia 2015ko abe. 3a, 10:02

Urtarrila bitarte herritarrek alegazioak egiteko aukera izango dute udal bulegoetan

Leaburu-Txaramako Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeko lanetan ari da, eta urrian egindako batzarrean udalbatzak lehen onespena eman zion. Urtarrilaren 18ra bitarte izango dute aukera herritarrek alegazioak aurkezteko.

Luixa Uzkudun alkateak adierazitakoaren arabera lehen dokumentu hori «udalak eta herritarrek egindako proposamenetatik» osatutakoa da. Orain herritarren alegazioak aurkezteko epea eman da. Alegazio horiek «banan bana» aztertuko dira Uzkudunen esanetan, eta dokumentu horretan txertatu daitezkeen ala txertatzea «ezinezkoa» den aztertuko da. Hortik beste dokumentu bat sortuko da.

Oraingoan bilduko diren «desadostasunak lehen ere kanpoan gelditu diren puntuak» izango dira. Uzkudunek azpimarratzen du udalaren erabakien gainetik, badirela «lege orokor batzuk», eta Leaburu-Txaramako nahien «gainetik», Gipuzkoako Foru Aldundiaren arauetan «sartu beharra» dagoela. Hala ere, herritarren iruzkinak «errespetatzen» eta herritarren «nahiaren araberako» plan orokorra osatzen saiatuko direla azaldu du. Izan ere, datozen urte luzeetarako nolako herria izango den erabakiko da, eta horretarako «herritar guztien gustuko plana» izan behar du.

Orain arteko plana «zaharkitua»

Udalak plan orokorra berritzeko lanei ekitea erabaki zuen, lehengo plana «oso zaharkituta» zegoelako, eta ondorioz «duela 20-25 urteko legeak» aplikatu behar zituztelako. Horregatik, herrian «gauza berriak» egiteko beharra ikusten zen: «Hasi etxebizitzak berritzetik, eta etxebizitza berriak egitera».

Plana amaituta, udalak, honek eragin positiboa izatea espero du: «Espero dugu etxebizitzak lehenbailehen egin ahal izatea, herriko jende gaztea bertan gelditzeko eta Leaburu-Txaraman plan honek eragin oso-oso positiboa izatea».

Pausoz pauso

Udalak aurreko legealdian hasieratik zuen helburuetako bat izan zen plan orokorra berritzearena, baina Uzkudunen esanetan herri txikietan horrelako proiektu bat burutzeko «diru laguntzen zain» egon behar da, eta hain zuzen ere diru laguntza baten zain egon behar izan zuten eta «nahi baino beranduago» hasi ziren.

Arkitekto talde bat kontratatu eta lehen zirriborroa osatu zuen udalak, duela urte eta erdi inguru. Jende aurrean aurkeztu eta epe bat zabaldu zen jendeak ekarpenak egiteko.

Gaiak herritarrengan interesa «poliki-poliki» piztu du. Uzkudunek azaldu digunez herritarrei azaltzen saiatu dira «gertuko» gaia dela eta eurak ere «ukitzen» dituela. Azkenean, «ekarpen dezente» egon direla dio Uzkudunek, eta hortaz, «oso gustura» daude herritarrek «parte hartu dutelako».

Aurrera begira, berriz, hirurogei eguneko epea pasata, udalak alegazioei erantzungo die eta ondoren, Eusko Jaurlaritzara bidaliko dute dokumentua «hark onespena emateko». Onespena emango balio, Gipuzkoako Foru Aldundira igorriko litzaioke eta ondoren, udalak «behin betiko» onespena emango lieke arauei. Prozesu horren iraupena zenbateraino luzatuko den ezin du jakin udalak, baina Uzkudunek 6-8 hilabeteko epean «amaituta» izatea espero du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!