Aktak euskara hutsez bidaltzeko «bermea» berretsia

Leaburu-Txaramako Udalaren aldeko epaia eman du epaitegiak, Carlos Urkijok aktak euskara hutsean bidaltzeagatik jarritako salaketan

Aktak euskara hutsez bidaltzeagatik Carlos Urkijok, EAEko Espainiako Gobernuaren ordezkariak, jarritako salaketa dela eta, Leaburu-Txaramako Udalaren aldeko epaia eman du epaitegiak. Luixa Uzkudun alkateak «berri pozgarria» izan dela adierazi du, «euskaraz bizitzeko eskubidea aitortzen» baitu epaiak.
Leaburu-Txarama «udalerri euskalduna» da, eta hortaz, udalak «herritarren aurrean eredu» izan behar duela uste du Uzkudunek.

Epaia ez da irmoa, hamabost  eguneko epea dago errekurtsoa jartzeko. Eta bertan euskararen ofizialtasunera jotzen du erabakia azaltzerakoan, Uzkudunek azaldutakoaren arabera «euskararen legeak babesten» dituela dio. Ondorioz, kostuetatik «libre» uzten dute udala eta «arrazoia» ematen diote aktak euskara hutsez bidaltzen jarraitzeko.

Astelehenean jaso zuten udalean epaiaren berri, baina aferaren gorabeherak duela bi urte eta erdi hasi ziren «aktak eskatzen» hasi ziren orduan. Aktak bidaltzen hasitakoan, bi hizkuntzetan bidaltzeko «eskatu» zieten udalari, eta «uko egitea» erabaki zuten, Uemako gainerako udalerriek bezala. Gauzak honela, hirurogeita hamar udalerriri salaketak jarri zizkieten afera honegatik, tartean Leaburu-Txaramari.

Lekeitioko Udala izan zen aurkako epaia jaso zuena, baina handik aurrerako epai guztiak euskara hutsean aktak bidaltzen jarraitzearen aldeko epaiak jaso dituzte. Hortaz Leaburu-Txaraman ere «aldeko» epaia jasotzea espero zuten, eta aurrera begira ematen diren epaiak ere horrelakoak izatea «espero» du.
Uzkudunen ustez epaiak udalari euskaraz funtzionatzen jarraitzeko «bermea» eman dio, eta horregatik aktak euskara hutsean bidaltzen jarraitzeko asmoa dute aurrera begira ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!