Afestta elkarteak III. Elkartasun bazkaria antolatu du, iganderako, hilaren 8rako. Afestta elkartea, Gilles de la Tourette sindromea duten Euskadiko familiek eta pertsonek osatzen dute. Leaburuko Ostatuan egingo dute aurten ere bazkaria, eta gainera, gonbidatu berezi bat ere izango da bertan: Porrotx pailazoa.
Elkarteari lagunduz bazkarira joan nahi dutenek, txartelak afestta@gmail.com helbidean erreserba ditzakete; helduenak 20 euroren truke eta haurrenak 10 euroren truke.
Elkartearen egoitza Tolosan
Elkarteak, Emeterio Arrese kalean du egoitza, Tolosan eta besteak beste bloga eta Facebookeko orria dute, Tourette Euskadi izenarekin. 2012an hiru familiek sortu zuten elkartea. Gaur egun, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 16 familiak osatzen dute elkartea.
Tourette sindromea gaixotasun arraroa da. Transtorno neurologiko bat da eta bere ezaugarri nagusia keinuak dira. Sindromearekin batera, beste arazo batzuk ere sortzen dira.