Hogei postu inguru izango dira aurtengo azoka berezian

Maier Ugartemendia 2015ko urr. 9a, 09:19

10:00etatik 14:00etara frontoian izango da azoka; ondoren bertso bazkaria elkartean

Igandean, 10:00etatik 14:00etara, Leaburu-Txaramako VII. Artisau eta Barazki Azoka ospatuko da, Leaburuko frontoian. Ondoren, bertso bazkaria izango da Zazpi Bide elkartean. Egitarau osoa agendan dago.

Jon Otegi kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, honakoa jada «finkatuta» dagoen azoka da, eta aurtengoa ere prest dute jada, eguna bera iristea besterik ez da falta: «Ea jendeak erantzuten duen eta egun borobil bat ateratzen den».

Hogeitik gora postu izango dira azokan, horietatik «sei edo zortzi» postu herrikoak edo ingurukoak, eta gainerakoak kanpotik etorritakoak. Postuetan, berriz, denetarik aurkituko da: baratzako produktuak, esnekiak, ogia, gozogintza, altzarien eraberritzea, bitxigintza, saskiak...

Gainera, goizean zehar herriko trikitilariak ariko dira azoka alaitzen, eta «bertako produktuekin osatutako bi saski» ere zozketatuko dituzte. Horrez gain, urtero bezala, taberna bat jarriko da edaria eta pintxoak dastatzeko aukera izateko.

Bestalde, aurtengo azokan «berezitasun bezala», batetik, Itziar Zubelzu txaramarrak aromaterapiakzo jaboi naturalak egingo ditu, eta bertan erosteko aukera ere izango da. Bestetik, Joxe Mari Telletxea gazteluarrak sagardoa nola egiten den erakutsiko du, eta ondoren erakustaldian bertan egindako muztioa dastatzeko aukera izango da, «eztarriak lehortu gabe».

Halaber, heldu nahiz gazteek zaldi gainean paseatzeko aukera ere izango dute.

Bertso bazkaria

Azokako lanak amaitu ondoren, eta jada gosea eginda izango direnez, 14:30ean bertso bazkaria izangoda Zazpi Bide elkartean. Mantxi eta Aitor Sarriegik egingo dute bertsotan bazkalondoren. Bazkaltzen berrogeita hamar bat pertsona bilduko dira.

Azoka eguna berezia izaten da Leaburu-Txaraman, festa eguna. Otegik berak azaldu duenez, berak «hilabete lehenagotik» nabaritzen du urduritasuna eta kezka. Baina, herritarrek ere azoka «gustura» hartzen dutela uste du.

Urtean behin herritarrei euren produktuak plazara ateratzeko «aukera bikaina» dela uste du Otegik, eta berak «nahi baino herritar gutxiago» animatzen direnez, herritar guztiei «lotsak etxean utzi» eta plazara ateratzera «animatzen» ditu.

Eskualdeko herritarrak ere Leaburu-Txarama joateko «gonbitea» luzatu nahi izan du Otegik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!