Zerk animatu zaitu bigarren aldiz alkatetzara aurkeztera?
Lehenik eta behin, proiektu batzuk bukatu gabe geratu zaizkigulako animatu naiz eta herriari hitza eman genion bukatuko genituela, eta bigarrenik, herriko EH Bilduk nirekin egin zuelako apustu. Bestetik, aurreko legealdiko zinegotzi batek ere errepikatzen du eta beti egon da nire ondoan, erabaki asko batera hartu ditugu. EH Bilduk ere biokin egin zuen apustu.
Nolakoa izan da azken legealdia, zein balorazio egiten duzu arlo pertsonalari dagokionez?
Denbora kentzen du, nahiko estu ibili naiz zentzu horretan. Baina pertsonalki hazi egin naiz, udalak asko eman dit eta asko ikasi dut, eta herritarrengandik ere asko ikasi dut. Oso aberasgarria izan da.
Eta udal jardunari buruz?
Baikorra naiz, herritarrei emandako hitza betetzera joan gara, esku artean genituen proiektuak garatzeko asmoz eta bide hori jarraitu dugu. Esan bezala dena ez dugu bukatu, baina izandako ezustekoengatik izan da. Herri txikietan aurrekontu txikiak ditugu, diru sarrera gutxi, eta luiziak zein euriteak izan genituen. Lehen urteak oso gogorrak izan ziren. Baserri eta mendi pista asko ditugu eta luiziek zein euriteek aurretik eman zituzten, gure aurrekontu guztia hor geratu zelarik. Horrek gainontzeko proiektuak gelditu zituen.
Zeintzuk izan dira proiektu nagusiak?
Txaramara ura eramatea eta Plan Orokorra. Plan Orokorra gelditu izan behar izan genuen ezustekoengatik dirurik ez geneukalako. Eskerrak Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.000 biztanletik beherako herriekin malgutasuna izan zuela eta kontuan izan gintuela. Jasotako diru laguntza horiei esker altxa dugu burua eta bide guztiak konpondu ditugu. Obrez gain herri mailan giro txarra zegoen gu sartzean, eta gaur egun asko gozatu da, herritarrek ez dute euren artean hitz egiteko arazorik.
Eta horiek dira bukatu gabe geratu direnak...
Plan Orokorra erdi parean daukagu, horretan ari gara. Eta Txaramara ura eramatearena azken fasean dago, etxeetako kontagailuena-eta bakarrik falta dira.
Zeintzuk dira datozen lau urteetarako dituzuen erronka nagusiak?
Herriko biztanleen %20a gutxi gorabehera, 80 urtetik gorakoa da, eta hori arazo handia da. Etxez etxe ari gara pertsona horiekin hitz egiten zein egoeratan bizi den jakin eta zein behar dituzten ikusteko. Gure erronka da behar horiei irtenbidea ematea. Zaila da, baina asko dira eta zerbait egitea zor diegu. Bestelako proiektu txikiak ere egingo ditugu, plazan lan batzuk egin nahi ditugu esaterako. Udaletxeko goiko etxebizitza larrialdietarako prestatu nahi dugu; sutea izan eta behin behineko etxebizitza behar dutenentzat, tratu txarrak jasan dituen batentzat... Etxebizitzen gaia ere landu nahi dugu. Inkesta bat egin genuen eta ikusi genuen herriko jendeak, bereziki gazteek, babes ofizialetarako interesa dutela. Datozen lau urteetan ezingo dira etxebizitzak egin, baina horri bidea ematen saiatuko gara.
Jende gazteak ez dauka beraz, herrian geratzeko aukerarik.
Arazo larria da hori. Gazteak badoaz eta pena da irtenbiderik ematen ez zaielako izatea. Plan Orokorrean landuko dugu gaia, bertan baserriei irtenbidea eman nahi diegu. Bizi ohiturak aldatu dira eta moldatu behar gara; baserrietan etxebizitza gehiago egin ahal izatea nahi dugu.