Herri bazkaria eta txirrindulari proba, San Pedro jaietan

Ataria 2015eko ekainaren 9a

Leaburun San Pedro jaiak antolatzen ari dira buru belarri eta hori dela eta Festa Batzordeak bi ohar kaleratu nahi izan ditu; herri bazkariaren eta txirrindulari probaren inguruan. 

Batetik, aurten herri bazkaria egin nahi dute  ekainaren 28an, 14:00etan, eta herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte. «Badakigunez igandetan familian biltzeko ohitura dagoela, eta herritar eta familia guztiak plazan biltzea denez gure asmoa, saiakera berezi bat egin dugu txartelak prezio eskuragarri batean jartzeko.
Herritar guztiok giro bikainean bazkari eder bat egiteko aukera bikaina izango dugu, musikak alaituta eta bazkalostean sari potoloekin», esan dute. Helduen txartelak 10 euro balio du eta umeenak 5 euro. Txartelak udaletxean erosi daitezke ekainaren 16a arte 09:00etatik 14:00etara, edota ekainaren 7an eta 14an plazan, izan ere, mahaia jarriko dute 11:00etatik 13:00etara. Bazkaria catering zerbitzu batek eskainiko du, beraz, ezinbestekoa izango da bazkarirako txartelak epe barruan erostea.

Txirrindulari proba
Bigarren oharra txirrindulari probarekin du zerikusia. Izan ere, bazkariko egun berean, ekainaren 28an, 11:30ean hasita, txirrindulari proba egingo dute. Adin ezberdinetara egokitutako hiru ibilbide izango dira txirrindulari proban eta parte hartzeko baldintza bakarra bizikletan ibiltzen jakitea izango da.
Haur zein helduei irekitako proba izango da eta izena aurrez eman behar da. Ekainaren 16a izango da izena emateko azken eguna eta horretarako udaletxera deitu behar da, 943 67 59 31 telefono zenbakian, edo bertara joan.
«Herritar guztiak proba honetan parte hartzera animatu nahi ditugu. Proba herrikoia izango da eta animoak ez dira faltako», esan du Festa Batzordeak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!