Leaburu herriari eskainitako zuhaitz genealogikoa, ostatuan

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mai. 18a, 16:45

Iñaki Otegik herriko familia eta baserriak lotzen dituen 900 sarrera inguruko zuhaitza egin du.

Iñaki Otegi herritarrak Leaburu herriari eskainitako koadroa jarri dute Ostatuan. Guztira 3.000 sarrera inguru ditu zuhaitz genealogikoak, baina guztiak leku batean sartzen ez direnez, 900 sarrera inguru biltzen dituen zuhaitz erraldoi bat osatzea erabaki du Otegik. Igandeaz geroztik, Leaburuko Ostatuaren sarreran jarrita dago.

Iñaki Otegi leaburuarra da, Arbola Haundikoa. 19 urte zituela atera zen Leaburutik. Donostian, Irunen, Ginebran, Italian eta Madrilen bizi izan da, baina duela 34 urtetatik Ameriketako Estatu Batuetan bizi da. Bertan lan ezberdinak burutu ditu, baina zaletasun berezi bat du,  zuhaitz genealogikoak egitea.

Hasiera batean, Otegi familiaren zuhaitza egin zuen, baina lan hori egiten hastean, Leaburuko familien artean loturak zeudela ikusi zuen. Horregatik herriko familia ezberdinen zuhaitzak lotzen hasi zen. Herriko familia eta baserri nagusiak lotu ditu. Guztia afizio moduan egin du, gustuko duelako. Lan asko handik egin du, baina hainbat herritarren laguntza ere izan du, datuak eta argazkiak biltzerakoan. Igandean eginiko harreran «eskerrak» eman nahi izan zizkien guztiei.

Ameriketako Estatu Batuetan bizi denetik bi urtez behin bidaiatu du bere jaioterrira, baina azken lau urte hauetan, zuhaitza egin ahal izateko, gehiagotan etorri da bere sorterrira.

Igande eguerdian, berak egindako lana herriari eskaini nahi izan zion. Leaburu-Txaramako Udalak herritar guztiak gonbidatuak zituen ekitaldira eta Ostatuan jende ugari bildu zen. Arreta handiz entzun zituzten Otegiren azalpenak, eta bertan zeudenen galderei ere erantzun zien.

Aurkezpenaren amaiera, hamaiketako eder bat eginez egin zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!