Araxes paper fabrikari lotuta

Rebeka Calvo 2015ko mai. 6a, 19:47

Leabururi lotuta dago Txarama, baina nortasun propioa ere badu, hein batean XIX. mende bukaeran sortutako paper fabrikari esker

Irudiak: Aranzadi-Araxes

Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre Mauleon eta Aratz Garmendia historialariek Txaramako historiaren berri emango dute bihar, kultur etxean.  Leaburuko auzoa historian kokatuko dute datu eta argazkien bidez.

Juantxo Agirre Mauleonek Erdi Aroko lehenengo idatzizko datuetatik hasita emango ditu azalpenak, eta ondoren, Aratz Garmendia historialari gazteari emango dio hitza. Honek Txaramako azken 200 urtetako historiaren berri emango du. Izan ere, Txaramako historia garaikidea Araxes paper fabrikari lotuta dago, eta Garmendiak Historia master bateko tesina Tolosaldeko papergintzari buruz egin zuen. Ondo ezagutzen ditu hortaz, eskualdeko papergintzaren gorabeherak.

Garmendiak azaldu duenez, Araxes paper fabrika XIX. mende bukaeran ireki zuten eta guztiz markatu zuen Txaramako etorkizuna. «Paper fabrika garai bateko errotaren gainean finkatu zuten, XIX. mende bukaeran. Txarama nolabaiteko industria-kolonia izan zen; lantegia ezarri zutenean enpresak berak etxebizitza batzuk eraiki zituen, argia jarri zuen, biztanleak erakarri zituen Txaramara paper fabrikan lan egiteko...», esan du.

1990eko hamarkadan itxi zuten lantegia. Industrializazioaren eragina jasan zuen lehenik eta desindustrializazioa ondoren, beraz. «Forma aldaketa eman zen. Horren erakusle da 1980ko hamarkadara arte bazeuzkala herritarrentzako eraikin publikoak; paper fabrikak eraiki eta ondoren langileen esku geratutako etxebizitzak, lantegiak egindako kapera bat, kultur etxea, zine areto txiki bat...». «Leaburu-Txarama udalerria ezagutarazteko asmoa dugu. gaur egungo Txaramak ez du zerikusia orain 50 urteko Txaramarekin, errepaso bat egingo dugu», gaineratu du.

Bestelako, «altxorrik» ere eman dio Araxes paper fabrikak Txaramari. 1902. urteko ubide bat, hain zuzen, betoiz egindako inguruko lehen ubidea.

Bi mundu
Araxes paper fabrikak bi mundu elkartu zituela ere esan du Garmendia historialariak: landa eremua eta eremu urbanoa. «Leaburu-Txaramak baditu ezaugarri historiko jakin batzuk. Leaburu landa gunea izango litzateke eta Txarama industria gunea, nahiz eta Txaraman badagoen landa eremua ere. Paper fabrikak lotura handia izan du Txaramako bilakaerarekin», azaldu du. «Txaramako tokiko historia egin nahi dugu. Bailara eta errekaren historia dago hor. Askotan errekari ez diogu kasurik egiten, baina paper fabrika hor egotearen arrazoia da, energia hori erabili behar baitzuten. Erreka batek daukan oparotasuna da hori, bizia sortzen du», gaineratu du.

Orokorrean, 1980ko hamarkadan, Euskal Herriko industrian krisia eman zen, eta baita Tolosaldean ere. Mundu mailan eman zen lehenik, Espainiara eta Euskal Herrira beranduago iritsi zen, eta eskualdeak 1980ko hamarkadan krisiari eustea lortu bazuen ere, 1990eko hamarkadan beherakada etorri zen eta papergintzak kolpe handia jaso zuen, ordura arteko Txarama desitxuratuz.

Hitzaldia

Txarama, nortasunaren bila
Bihar, maiatzak 7.
19:30ean Txaramako kultur etxean hitzaldi-proiekzioa.
Hizlariak: Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleon eta Aratz Garmendia historialariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!