Txarama biziberritzeko neurriak hartu ditu udalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko api. 30a, 17:00

Ubide osoa berritu dute eta Plan Orokorrean plaza bat zein etxebizitzak egitea aurreikusi dute


Leaburu-Txaramako udal gobernuak konpromiso sendoa hartu zuen orain lau urte Txaramari «buelta emateko». Izan ere, Txarama auzoa zaharkituta dago eta Luisa Uzkudun alkateak esan duenez, «gure nahia Txaramako 3 kilometroak hartu eta ingurua txukuntzea da».

Zentzu honetan, Plan Orokorra egiten ari dira orain eta bertan ari dira gaia lantzen. «Txaraman plaza izango litzatekeen gune bat egitea eta etxebizitza berriak eraikitzea aurreikusten du Plan Orokorrak», esan du Uzkudunek. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egiten ari da udala Txarama osoari irtenbide bat emateko. «Txaramak hiru kilometro neurtzen ditu eta zebrabideak jarri behar dira, semaforoak, abiadura moteltzeko bide seinaleak... Kultur etxera joateko ez dago zebrabiderik, adibidez, eta behar da», esan du. Hau guztia egiteko eskaera bideratu dute jada, Gipuzkoako Foru Aldundira, eta bertan eskaera aztertzen ari direla azaldu du alkateak.  

Leaburu-Txaramako udal gobernuak konpromiso sendoa hartu zuen orain lau urte Txaramari «buelta emateko». Izan ere, Txarama auzoa zaharkituta dago eta Luisa Uzkudun alkateak esan duenez, «gure nahia Txaramako 3 kilometroak hartu eta ingurua txukuntzea da».

Zentzu honetan, Plan Orokorra egiten ari dira orain eta bertan ari dira gaia lantzen. «Txaraman plaza izango litzatekeen gune bat egitea eta etxebizitza berriak eraikitzea aurreikusten du Plan Orokorrak», esan du Uzkudunek. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egiten ari da udala Txarama osoari irtenbide bat emateko. «Txaramak hiru kilometro neurtzen ditu eta zebrabideak jarri behar dira, semaforoak, abiadura moteltzeko bide seinaleak... Kultur etxera joateko ez dago zebrabiderik, adibidez, eta behar da», esan du. Hau guztia egiteko eskaera bideratu dute jada, Gipuzkoako Foru Aldundira, eta bertan eskaera aztertzen ari direla azaldu du alkateak.  

Herritarrek Plan Orokorrean parte hartu ahal izan dutela da garrantzitsuena Uzkudunen hitzetan eta horrela ikusi ahal izan dute etxebizitzak behar direla herrian.

Ubidea berritu dute
Era berean, Luisa Uzkudun eta lantaldea udaletxera iristean txaramarrei ura eramatea lehenetsi zuten. «Ubide osoa ari gara berritzen, azken faseko esleipena ere oraintxe itxiko dugu. Lan hauek legealdi hau bukatzerako bukatuta eduki nahi ditugu, eta horrela, berriz ere sartzen bagara, Txarama osoa txukuntzeko lanekin bukatu», gaineratu du.


Araxes paper fabrika
Txaraman Araxes paper fabrikaren inguruan ere ari dira lanean. Izan ere, paper fabrika partikular batek erosi du eta bertan museo bat egin nahi du. Proiektu hori luzerako emango du, baina bien bitartean arazo batzuk sortu dira auzoan aparkalekuen inguruan, eta alkateak azalpenak eman ditu.

Uzkudunek azaldu duenez, orain hiru bat urte erosi zuen partikularrak Araxesko lantegia. «Paper fabrika erosita eta lehen gauza erakina aseguratzea izan zen. Aseguru etxeak hainbat baldintza jarri zizkion, ordea. Paper fabrikan dagoen aparkalekua pitzatuta dagoela esan zion, errekak azpia janda zeukala, eta beraz, asegurua egiteko aparkalekua itxi behar zuela esan zion». Hori dela eta, paper fabrikako jabea aparkalekua ixten hasi zen pixkana-pixkana, harriak jartzen hasi zen gune horretan, eta horrek bizilagunen kexak ekarri zituen. «Udalak aparkaleku guztia ez ixteko eskatu zion, arriskurik ez dagoen tokia behintzat irekitzeko, izan ere bertan herritarren zerbitzuak zeuden: autobus geltokia, zabor bilketarako ontziak... baina lursaila berea da eta zabor ontziak iskina batean pilatu behar izan genituen...», esan du.
Lursaileko jabea aparkamenduak kentzen joan zen pixkana eta horren aurrean erantzun bat eman nahi izan zuen udalak, eta horretarako Tolosako Udalarekin ere bildu zen.

«Errepideaz bestalde dagoen paper fabrikaren inguruan proiektu bat aurkeztu zuen Tolosako Udalak. Obra handi bat egin nahi zuten bertan eta aparkamendu asko aurreikusten ziren, baita biribilgune bat Txaraman. Txaramarrei erakutsi genien, alegazioak egiteko epea zegoela esan eta horretan aritu ginen auzotarrekin, baina Uraren Agentziak atzera bota zuen proiektua eta bertan behera geratu zen». Denbora honetan Tolosako Udalarekin hitz egiten jarraitu dute eta informazioa ematen auzotarrei. Orduan erabaki zuten paper fabrikaren jabearekin berriz ere hitz egitea eta akordio batetara iritsi ziren; obra egin eta behin betiko aparkamendua egin bitartean, itxitako gunean auto gutxi batzuk aparkatzen uztea. Jabeak baietz esan eta gaur egun 9 auto utzi daitezke bertan, aparkamenduen arazoari behin betiko irtenbidea eman bitarte.

Zebrabidea eta autobus geltokia
Bestelako lanak ere egin dituzte Txaraman. «Errepidearen alde batetik bestera pasatzeko zebrabiderik ez zegoela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu ginen. Urgentziazko zebrabide bat eta autobusa geratzeko gune bat egitea adostu genuen», esan du.

Poliki-poliki hortaz, ari dira legealdi hasieran udal taldeak bere buruari jarritako erronka betetzen.  Baina oraindik lana badagoela esan du alkateak: «Momentu honetan Tolosako Udalarekin hitz egiten ari gara Urzabalgo lursailean beste aparkamendu bat egiteko, horrela aparkamenduen arazoari behin betiko irtenbidea emateko. Baina lursail hori Tolosako Udalarena da eta beraz, erosi egin beharko genuke eta orain kalifikazioak nola dauden ikusten ari gara. Orain dela bi aste bildu ginen auzotarrekin hau guztia esateko».

Lizartzara bitarteko bide-gorria egiteko eskaera


Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Martin Garitano, Leaburu-Txaraman eta Lizartzan izan zen orain gutxi. Leaburu-Txaramako Udalak bisita herria erakusteko  baliatu zuen, baina baita eskaerak egiteko ere. Zentzu horretan Txaramatik Lizartzara bitarteko bide-gorria egiteko beharraz hitz egin zioten. Orexako bidegurutzeraino iritsiko litzateke. Foru Aldunditik proiektua Partaidetzako Aurrekontuak egitasmoaren barruan sartzeko proposamena egin zioten udalari, eta herritarrekin bildu ziren udal arduradunak honen berri emateko. «Herritarrak ados daude honekin eta hori izango da Partaidetza Aurrekontuetan egingo dugun proposamena», esan du alkateak.

 

Hitzaldia

Maiatzak 7. Araxes paper fabrika ixtean langileek bertan zegoen materiala atera zuten. Material hori Aranzadik du eta aztertu egin du. Horretaz hitz egiteko Aranzadiko Joantxo Agirre Mauleonek hitzaldia eskainiko du, 19:30etik aurrera, kultur etxean

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!