Leaburun bi lagun atxilotu dituzte 220 kontagailu elektriko lapurtzeagatik

Ataria 2014ko abenduaren 31

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez Oriako ertzain-etxeko agenteek 27 eta 29 urteko bi gizon atxilotu zituzten atzo, Leaburuko enpresa batean ustez ebasketa egitea egotzita. 220 kontagailu elektriko kargatu zituzten atxilotuek beren furgonetan.

Segurtasun Sailak emandako datuen arabera atzoko berria da. Goizeko hamaikak aldera "Ertzaintzaren Oria eskualdeko patruilak Leaburutik hurbil dagoen enpresa batera gerturatu ziren, bi gizonezkok kontagailu elektrikoak lapurtu baitzituzten". Instalazioko langileek 112 telefono zenbakira deitu zuten, eta barrutira sartzeko guneak blokeatu zituzten, susmagarrien furgonetak ihes egin ez zezan. Agenteek bi gizonezko identifikatu zituzten, eta furgoneta barruan 220 kontagailu elektriko topatu zituzten, instalazioetatik harrapatutakoak. Gauzak honela, biak atxilotu zituzten ustez ebasketa delitu bat egin izana egotzita. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!